GARA USURBIL
Udate

Euskarazko antzerkiak Usurbilen egingo du topa egunotan

Usurbilen antolatu duten seigarren Topa Eszenikaren helburua euskarazko antzerkiaren erakusleiho eta gogoeta gune izatea da. Gaur hasi eta larunbata arte egunero antzerki obra bana eskainiko dute Sutegin eta, gainera, antzerki sortzaileen mahai-ingurua egingo dute Potxoenean. «Satisfaktion», «Amets zirkoa salgai», «Hitzak» eta «Etzi» obrak ikusi ahalko dira.

Sortzaileak protagonista izango dituen mahai-inguru batekin hasiko da Antzerki Ekintzak Usurbilgo Udalaren eta EHAZEren laguntzaz antolatutako Topa Eszenika. Hain zuzen ere, bertan eskainiko dituzten antzerki obren egileak bilduko dira solasaldian, beren lanaren prozesua azaldu eta konpartitzeko: Alex Gerediaga (Khea Ziater), Ion Martinez (Aldatzen Laguntzen), Agurtzane Intxaurraga (Hika) eta Asier Zinkunegi (Dar-dar). Itziar Elias EHAZEko koordinatzaileak gidatuko du saioa, 18.30ean Potxoenean.

Bihar ere gogoetarako tartea izango da, toki berean baina 15.00etan. Euskarazko antzerkiaren dokumentazio zentroa izango dute mintzagai EHAZEk prestatutako mahai-inguruan.

Khea Ziater konpainiaren «Satisfaktion» izanen da Sutegiko auditoriumean antzeztuko duten aurreneko lana. Kriss eskarmentudun aktorearen istorioa kontatzen da bertan. Urteak daramatza emakume honek mota guztietako lokaletan bere obrak antzezten. Orain dela gutxi arrakastara zuzenean eramango zuen proiektu bati ezetz esan behar izan zion haurdun zegoelako, zuzendari ospetsu baten filmeko protagonista izateari uko eginez. Gaur bere berragerpenaren eguna da eta bere egunean gorpuztu ezin izan zuen prostitutaren azalean sartuko da. Gaur 20.30ean emango dute Maria Urcelaik antzeztutako obra.

Zirkuko eszenak

Bihar, 20.30ean gozatzen ahalko den lana «Amets zirkoa salgai» da, Aldatzen Laguntzen taldearena. Komedia nagusitzen da Ion Martinez eta Saioa Royo aktoreen interpretazioan, baina gutxika-gutxika drama ukituak sartzen doaz. Zirkuko eszenak antzeztuko dituzte, Euskal Herriko hainbat pertsonaia mitologiko eta gurean ezagunak diren pertsonaiak erabiliz: aurkezlea, pailazoen esketxak, magoa, txiste kontalaria, animalia domatzailea, indar handiko pertsona, gizon bala, neska bizarduna...

Hurrengo obrak, Hika Teatroaren «Hitzak»-ek, Klara Badiola, Ainhoa Aierbe, Ane Pikaza, Jabi Barandi eta Agurtzane Intxaurraga ditu aktore. Antzeztuko dituzten pertsonaiak eta hauek bizi dituzten egoerak, honakoak: «Hiru emakume eta gizon bat. Eta umea. Emakume gaztea, maite duen gizonarekin ezkondu berria. Zorionaren ispilu. Emakume heldua, maite zuen gizonarekin aspaldi ezkondua, gatazka etengabean. Zorigaitzaren ispilu. Emakume zaharra, gizonik maite izan ote duen ahaztuta, zoramenaren ispilu (baina ispiluaren atzean aske eta zoriontsu izan litekeela jakitun)». Eurekin zer gertatuko den ostiralean, 22.00etan jakingo da.

Dar-dar Produkzioak taldearen «Etzi»-k itxiko du Topa Eszenika, larunbatean, 22.00etan. Lan berezia da, aktore batek, Gorka Zufiaurrek, down sindromea duelako. Jose Ramon Soroiz, Pilar Rodriguez, Asier Oruesagasti eta Asier Zinkunegi ditu kide honako istorioa marrazteko: «Goizeko hamarrak dira. Bruno gurasoekin bidaian joan berri da. Rosak, amak, koaderno gorri bat eman dio Mattini, bere seme ttikienari, bertan bere sentimendu eta emozioak idatz ditzan gurasoak kanpoan diren bitartean».

Honi buruzko guztia: Udate