Idoia ERASO

EAJ-PNBk Ziburuko Udalean duen zinegotzia babestu du

Ziburuko ikastola eta Herriko Etxea aurrez aurre eman dituen auzian elkartasun handia jaso du Kaskaroteneak. Aldiz, Herriko Etxean gehiengoarekin aliantzan dagoen PNB-EAJko Iñaki Ibarlozaren sostengu eza salatu zuten gurasoek eta bere dimisioa eskatu. Alderdi jeltzaleak Ibarlozaren kontrako «kanpo presioa» baztertu du, «bere engaiamendu eta baloreekin bat egiten duen jarrera» hartu duelako.

Ibarloza prentsaren aitzinean agertu zen ikastolari sostengua emanez Ziburuko auzapez Guy Poulouk Kaskarotenearen aurka Baionako epaitegira jo zuelarik, baina Paueko epaitegiaren ebazpena ezagutu denetik ez da publikoki agertu.

Ostiralean egin zuten Herrialde Biltzarraren ondoren EAJk arazo hau «auzitegietan izatea deitoratzen» duela adierazi du, «jakinez Ziburuko auzapeza euskararen alde dela». Euskara zinegotzia ere baden Ibarlozari buruz alderdi jeltzaleak erran du: «Bere leialtasuna herri kontseilari bezala eta bere atxikimendua euskarari ezin dira zalantzan ezarri».

Joan den ostiralean, Seaskak ikastolarentzat lokal bat lortzeko Udalari hiru proposamen egin zizkion. Erantzuna aste honetan jasotzea espero du Federazioak.