Mikel Aramendi
Kazetaria
JO PUNTUA

Harriari lurra kendu

Bihar Eskoziako erreferendumean ezetzak irabaztea da normalena. Nahiak eta errealitateak bereizten ikasiak izateko adina behintzat badugunoi dagokigu argi eta garbi aurresatea normalena horixe dela. Eta ez beste ezer. Harriari lurra kentzeko, status quo-aren aldaketa funtsezkoak abiarazteko, nolako indar metaketa behar den erakusten duten mila adibide daude eguneroko bizitzan. Inertziarena ikaragarrizko indarra delako.

Eskozian, abiatzeko indar metaketa hori maisuki egin dela esango nuke. Inoiz inon aurkeztu den independentzia proiektu landuena, doituena osatu, gizarteratu eta defendatu dute eskoziar independentistek. Lidergo zuhur eta antolamendu sendo batekin. Metaketari kalte egin ziezaioketen dozenaka helburu legitimo ez ezik desiragarri ere aparkatzen jakin dute, proiektuaren muina lehenesteko... Zertan ari diren badakite eta, edozein delarik emaitza, arrakasta politikoa lortu dutela jada ukaezina da. Norainokoa izan daiteken, etzi jakingo dugu.

Arrakasta horrexek eztenkatu ditu, ordea, ezetzaren aldeko indarrak, bestela displizentzia olinpikotik ariko zirenak, eta eraman ditu azken aste hauetan status quo-aren gainean ikaragarrizko «berun» metaketa egitera. Harriari lurra kentzea ezinezkoa izan dadin. Zorionez, «beruna» Eskozian, metaforikoa da eta ez beste leku batzuetan ohikoagoa izango litzatekeena. Baina «berun» sozioekonomiko horri terrorismo intelektuala izateko gutxi falta izan zaiola ere esan behar da. Independentziak irabaziz gero iragarri diren kataklismo eta izurriteen zerrenda gordeta jaso beharrekoa da, biharko egunean gogora ekartzeko.

Eskoziak independentzia lortuz gero kataklismo sozioekonomikoak jazo daitezkeela egia da... batez ere baietzaren aldekoek eskatutako hitzarmenei uko egin eta errepresaliak hobesten badira. Baina kasu horretan ez dakit zein izango den galtzaileena. Mundu osoan eta, batez ere, Londresko Cityan nagusi den kasino-kapitalismoa, egun hauetan Eskoziara beruna eraman eta eraman aritu dena alegia, izan behar luke gauzak gizalegez eta giro onean konpontzen saiatuena. Iragan zortzi urte hauetakoa txikitxo gera daitekeelako orain beste atzeraldi bat sutuz gero. Normalena, beraz, ezetzak irabaztea da. Baietzaren garaipena, lurra kendu ez ezik harria bizkarrean berdintzea ere balitzatekeelako.