GARA

Udalbiltzak udaletan kudeatuko ditu euskararen telefonoan jasotako kexak

Udalbiltza eta Kontseiluaren arteko lankidetza hitzarmen bati esker, Euskal Herriko Garapen eta Kohesio Fondoak 10.000 euro emango dizkio Kontseiluari, Hizkuntz Eskubideen Behatokiaren euskararen telefonoa kudeatzeko. Udalbiltzak, gainera, udaletara igorriko ditu euskararen telefonoan biltzen diren kexak, udal arloari badagozkio. Hala jakinarazi zuten atzo Garbiñe Petriati Hizkuntza Eskubideen Behatokiko zuzendariak, Mertxe Aizpurua Udalbiltzako lehendakariak eta Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak.

Behatokiak, bere urteroko txostenean, hizkuntza eskubideen egoeraren diagnostikoa egiten du herritarrek euskararen telefonoaren bidez bidalitako kexak azterturik. Orobat, bilerak egiten ditu erakundeekin, txostenaz hitz egiteko.

Behatokiak, bada, berariazko txosten bat aurkeztu dio Udalbiltzari. Txostenak 2013an jasotako toki administrazioen gaineko kexak biltzen ditu, eta udaletan herritarren hizkuntza eskubideak bermatzerakoan antzemandako gabeziak ere adierazten ditu. «Beraz, txostena lan tresna garrantzitsua da udaletako hautetsientzat, toki administrazioan euskararen normalizazioaren aldeko lana aztertzen eta hobetzen lagunduko baitu», azaldu zuten.

Udalbiltzak iazko ekainean sortutako Garapen eta Kohesio Fondoaren xedea Euskal Herriko eskualdeen artean dauden desorekak gainditzen laguntzea da. Orduko hartan adierazi zutenez, esparru gehiagotan ere proiektuak gauzatzeko bitarteko izan nahi duen egitasmoak «nazio eraikuntzarako erremintak eta ekimen zehatzak» sortuko ditu.