Amalur ARTOLA DONOSTIA
Elkarrizketa
IBAI OSINAGA
Altxatu taldeko abeslari eta gitarrista

«Gure armak hitza eta hizkuntza direla aldarrikatu nahi dugu»

Hamabost eta hamasei urte besterik ez dituzte eta jada euren bigarren lanarekin datoz: «Hitza», Gor diskoetxearen eskutik. Rock freskoa eta inguruan duten errealitatearekiko kritika dute ardatz, baita ikusten dutena eraldatzeko nahia ere. Diskoaren izen bera daraman abestiaren bideoklipa egiteko «crowdfunding» kanpainaren hondarrean, hau ordaindu ahal izateko laguntza eskatu dute.

Irunberriko hiru gaztek osatzen dute Altxatu: Ibai Osinaga (ahotsa eta gitarra), Julen Abaurrea (baxua) eta Iker Ariz (bateria). Hamalau urte zituztela kaleratu zuten lehen lana eta orain bigarrenarekin datoz, «Hitza» (Gor, 2014), euren estudioko lehen lana. Bideoklipa ordaintzeko crowdfunding kanpaina abiatu dute www.verkami.com-en.

Hamabost eta hamasei urte eta bi disko. Ez da marka makala.

Hamabi urterekin hasi ginen, bi urte geroago grabatu genuen lehen diskoa Javiero Vendettako abeslari eta gitarra-jotzailearen etxean eta Gor-etik deitu ziguten gustatu zitzaiela eta ea eurekin grabatu nahi genuen galdetuz. Agian dena pixka bat azkar joan da, beldur apur bat ere sentitu genuen deitu zigutenean, baina pozik gaude emaitzarekin.

«Hitza» da zuen estudioko lehen lana. Zelakoa izan da esperientzia?

Lan egiteko modua nahiko antzekoa izan da. Bakarka grabatu genuen aste batean eta hurrengoan nahasketak, masterizazioa eta gauza horiek.

Zergatik izenburu hori?

Gu hirurak euskaldun berriak gara, euskaraz ikasi dugu eta D eredukoak gara. Eredu horren aurkako kritika asko egon dira, ni ikasten nabilen Iturrama institutuan adibidez terrorismo akusazioak egon dira... Horren gaineko abestia egin dugu eta bera da diskoari izena ematen diona, «Hitza», gure armak hitza eta hizkuntza direla aldarrikatu nahi dugulako.

Rock bizia egiten duzue, freskoa. Estilo aldetik, igarri duzue aldaketarik lehen diskotik bigarrenera?

Bai, apur bat kañeroagoa da bigarrena; erritmo azkarragoak ditu eta niri ahotsa aldatu zaidala ere nabaritzen da [barrez]. Gu punk-rock zaleak gara, batik bat The Clash eta halakoena, eta Euskal Rock Erradikala ere gustuko dugu. Horiek izan dute eraginik gure estiloan.

Kontrol soziala, politika, Palestina... Inguruan sumatzen duzuen errealitatea duzue oinarri?

Bai, gure inguruan dauden arazoei buruz hitz egiten dugu, aldatu nahi dugun horretaz, konforme ez gauden kontuez. Berri Txarrak-eko Gorkak [Urbizu] esaten zuen agian ezin duzula mundua aldatu baina munduak aldatu zaitzakeela zu. Guk pertsonen pentsamoldean eragin daitekeela uste dugu.

Zenbait kantutan, «Telebista itzali» edo «Se tú mismo» adibidez, norbere buruarekiko fidel izateaz mintzatzen zarete.

Oraingo gizartean besteen menpe gaudela iruditzen zaigu eta, orduan, menpekotasun hori saihesteko zure kabuz pentsatzea eta gauzak egitea, besteei kasurik egin gabe, garrantzitsua dela uste dugu.

Bideokliperako crowdfunding-a abiatu duzue. Zelan doa?

Lau egun geratzen dira eta gehiena batu dugu. Bideoklipa grabatu dugu jada eta kanpaina amaitzen den egun berean estreinatuko da Interneten.

Etorkizunari begira, zer?

Hilabete honetan atseden hartu eta datozenetan ateratzen zaizkigun kontzertuetan arituko gara. Eta, lasaitasunez, baita abesti berriak egiten ere.