GARA DONOSTIA

Koxk festak gozoago eginen du Etiopiako Wukro hiriaren zaporea

«Egin koxk elkartasunari!» lelopean egindako gastro-festak aurreikuspenak gainditu ditu jasotako diruari zein bisitari kopuruari dagokionez, eta lehen edizioan parte hartu ez duen jendea penaz gelditu denez bigarrenean pentsatzen hasi dira dagoeneko antolatzaileak. Behin Koxk jaia ospatuta, orain Etiopiako Wukro hirian Zaporeak proiektua martxan jartzea da helburua. Ostalaritza eta Gastronomia Eskola bat sortuko dute.

Larunbatean Intxaurrondoko kaleetan egindako jaia zinta mozketarekin hasi zen. Bertan, festa babesten zuten erakundeetako ordezkariak izan ziren: Donostiako Udalekoak, Gipuzkoako Foru Aldundikoak, Lakuakoak... Maria Pueyo Wukron proiektua sustatu duen Angel Olaranen ilobak moztu zuen zinta.

Ekintza gastronomiko andana egin ziren lau gunetan. Luis Irizar gunean Idiazabal Gaztaren Juan Mari Arzak Sari Nagusia egin zen. Bruno Oteiza sukaldariak adierazi zuen gazta perfektua dastatzeko aukera izan zuela. Gune berean umeek gazta egiteko aukera izan zuten Arantxa Goiburu artzainarekin eta Porrotxekin batera.

Pedro Arregi gunean bizi izan zen eguneko momenturik hunkigarrienetariko bat, Pedro Arregiri omenaldia. Juan Mari Arzak gunean, jendez beteta egon zen agertokia, Juan Mari eta Elena Arzaken inguruan. Eta jende gehien bildu zuen gunea Gildarena izan zen, 25 pintxo desberdinekin.