GARA

LABek Tuteran eman dio hasiera hauteskunde sindikalen kanpainari

LABeko ehun bat ordezkari Tuteran bildu ziren atzo hauteskunde sindikalen kanpainari hasiera emateko. Ikasturte honetan Nafarroako ordezkaritza sindikalaren erdia baino gehiago berrituko da, eta LABek apustu garbia egin du: ordezkaritzaren %14 gainditzea.

Nafarroako Gobernuko Lan Sailak argitaratutako datuek LAB sindikatuaren goranzko joera erakusten dute, izan ere, 21 ordezkari irabazi ditu urtarrilaren 1etik hona, %13,43ko gailur historikoan kokatuz. Epe berean ELAk zortzi ordezkari irabazi ditu, UGTk hamaika galdu ditu, eta, CCOOek, azkenik, 43 galdu ditu.

Atzoko eguna batzar batekin hasi zen eta ondoren ekitaldi nagusia egin zen Tuterako Foruen plazan. Bertan, LABeko idazkari nagusiak, Ainhoa Etxaidek, sindikatuak ordezkatzen duen alternatiba sindikalarekin bat egiteko deia egin zuen, «lantokietatik ere Nafarroak behar duen aldaketa sustatu eta 30 urtez Nafarroan indarrean egon den erregimenarekin amaitzeko». Ramon Lacalzada Erriberako LABeko arduradunak, berriz, UPN eta PSNk UGT eta CCOOen laguntzarekin garatutako eredua salatu zuen, «Erribera Nafarroako pobrezia eta babes gabezia maila handienera eraman duelako».