Xole ARAMENDI DONOSTIA
Elkarrizketa
Aitor Arregi
«Zarautzen erosi nuen» film laburraren egilea

«Egunerokotasuneko gauza txikiak kontatzeak erakartzen nau»

«Zarautzen erosi nuen» film laburra estreinatu zuen atzo Aitor Arregik (Oñati, 1977) Zabaltegi sailean. «Sahara Marathon», «Cristobal Molon», «Glup» eta «Lucio» filmen zuzendaritzan parte hartu zuen. Atsedenaldiaren ondoren bueltan da. Moriarti ekoiztetxeko kidea, irakasle lanetan dabil Mondragon Unibertsitateko Ikus-entzunezko Komunikazioko fakultatean.

Zein izan zen «Zarautzen erosi nuen» film laburraren abiapuntua?

Egunerokotasuneko istorio txikiak kontatzeak erakartzen nau. Oso identifikagarria izan daitekeen egoera bat hartu eta horren bidez zerbait proiektatzea interesatzen zait. Anekdota soila izan daiteke, baina hazka eginez gero itxura batean dirudiena baino gehiago izan daiteke. Horixe da nik film labur honekin lortu nahi izan dudana.

Miren, protagonista, borroka batean dago. Jaione bezeroari gauza pare bat esango lizkioke baina ez da ausartzen.

Nik askotan sentitzen dudan «nahi eta ezina» da. Hau da, nahiko nuke hau egin, hau izan edo hau esan norbaiti, neure burua konbentzitzen dut hurrengo egunean egingo dudala, baina errealitatea aurrez aurre jartzen zaizunean ezina agertzen da. Nahi duzun hori ez zarela nola konturatzen zaren era bortitz batean islatu nahi nuen.

Miren txiki sentitzen da, ikusezin. Aldiz, Jaionek aurrera egiten du, inolako arazorik gabe.

Mundua pertsona zapaltzaileen eta zapalduen artean banatuko bagenu, Miren zapalduen artean legoke eta Jaione zapaltzaileen artean. Mirenek garrantzi handia ematen dio Jaionek begietara begiratzeari. Grazia egiten dit zein erraz esaten dugun begietara begiratuz gero ezingo digula norbaitek gezurrik esan. Eta ez da horrela. Gezurti batek berdin berdin eutsiko dio begiradari. Baita gauza gogorragoak eginda ere... Buruan ideia asko sortzen ditugu baina gero errealitateak zaplaztekoa ematen dizu.

Mirenen jarrerari bere bikotekideak jartzen dio kontrapuntua.

Inportantea da ikusleak sentitzea pertsonaia bat badagoela bere ahotsa ordezkatuko duena. «Esaiozu esan beharrekoa eta akabo!», dio hark. Oreka ematen dio filmari, aldi berean indarra emanez Mirenek daukan obsesioari.

Nagore Aranburu, Ainere Tolosa, Egoitz Lasa eta Gotzon Sanchez dira aktoreak. Zer moduz moldatu zineten filmaketan?

Joan den martxoan grabatu genuen. Oso gustura aritu nintzen filmaketan, berehala harrapatu zuten pertsonaien nondik-norakoa. Zineman dagoen gauzarik zailenetakoa pertsona baten burutik pasatzen dena islatzea da. Aktore onak lortzen du hori ondo proiektatzea. Nagorek, Ainerek, Gotzonek... eskatu eta berehala jartzen dute nahi duzun aurpegia. Gainera, unearen arabera, aurpegi bera bariazio txiki batekin jartzeko gai dira... Hori baino gozamen handiagorik ez dago!

Pozik Zabaltegin zure lana ikusiko delako?

Kimuak katalogoan sartze hura guretzat sekulakoa izan zen. Kalitate bermea ematen dio lanari eta lasai egon zaitezke, zoragarri mugituko dutela eta mimatu egingo dutela jakinda. Beraz, pentsa Zabaltegin ikustea! Zinemagintzan badago mugimendua Euskal Herrian eta horrelako pizgarriak oso ondo datoz.

Moriarti «faktoriako» kide zara. Ohikoa duzue beste kideen lanetan ekoizle edo gidoilari aritzea. Zuk Jose Mari Goenagaren eta Jon Garañoren «Loreak» filmean parte hartu duzu eta haiek zurean.

Andoaingo Zine eta Bideo Eskolan ikasketak amaitu berri film laburrak egiteko aukera zegoela ikusi genuen. Bost lagun elkartu ginen. Gutako bat edo bi arduratzen gara zuzentzeaz eta besteok ekoizpen lanetan edo gidoiaren idazketan parte hartzen dugu. Alboan norbait edukita babesa sentitzen duzu eta ondo dator. Bestalde, taldean aritzen garenez, erabakiak denon artean hartzen ditugu. Horrek prozesua asko moteltzen du, baina, era berean, proiektua sendotu egiten du.

Euskal zinemaren uzta oparoa da Zinemaldiaren aurtengo edizioan.

Adierazten du badagoela potentziala hemen zinemagintzan hurrengo urteetan lan onak egiteko. Azken urteotan euskal zinemari bultzada eman zaio. Ondorioz, sendotzen ari da. Hain txikiak gara pelikula gutxi aterako direla, baina horri eustea da gakoa. Gizakiok istorioak kontatzeko beharra dugu eta saiatu behar dugu gertutik bizi dugun errealitatea kontatzen.