GARA

Hondakinak aztergai, Kaliforniatik Gipuzkoara

Jack Macy San Frantziskoko hondakinen alorreko arduraduna Donostiara helduko da gaur, bi eguneko bira egiteko. Euren eredua azaltzeaz gainera -800.000 biztanlerekin %80ko birziklatze tasa dute-, Gipuzkoako hainbat herritako esperientziak bertatik bertara ezagutu nahi ditu.

Jack Macy San Frantzisko hiri estatubatuarreko Ingurumen departamentuko hondakinen alorreko arduraduna Gipuzkoara helduko da gaur, bi eguneko bira egiteko. Helburua, bertako esperientzia ezagutzera ematea da, Gipuzkoako Aldundiak jakinarazi duenez.

Zaborraren gaikako bilketarekin emaitza onak lortu dituzte Kaliforniako San Frantzisko hirian. 800.000 biztanlerekin, 90eko hamarkadatik Zero Zabor egitasmo sendoa du eta gaur egun hondakinen %80 birziklatzea lortu dute. «Jack Macyk ondo ezagutzen du San Frantziskoko sistema, eta eskarmentu handia du hura ezagutarazten», azpimarratu dute foru iturriek.

Macy Gipuzkoako Aldundiko ordezkariekin elkartuko da gaur goizean, hondakinen alorreko Gipuzkoako egoera eta egitasmoak ezagutzeko. Arratsaldean, berriz, Hernanira eta Orendainera joango da, bertako bilketa sistemak ezagutu eta alkateekin izango dituen bileretan, Luis Intxauspe eta Gorka Egiarekin, hurrenez hurren, euren esperientziez mintzatzeko. Bihar goizean, azkenik, Gipuzkoako mankomunitateetako eta udaletako ordezkariekin bilera egin du Foru Aldundiaren jauregian, Donostian.

Iñaki Errazkin Ingurumeneko eta Lurralde Antolaketako diputatuak adierazi duenez, «Gipuzkoan beste leku batzuetako esperientzia arrakastatsuetatik ikasi nahi dugu, eta, zalantzarik gabe, San Frantziskokoak emaitza bikainak ditu. Izan ere, hautsi egiten du hirigune handiek birziklatze tasa altuak lortu ezin duten uste okerra».

Halaber, Macy Gipuzkoako esperientzia ezagutzera ere etorri dela nabarmendu du Errazkinek. «Behin baino gehiagotan esan dugu gure lurraldea erreferentzia bihurtzen ari dela hondakinen eremuan: kanpora gonbidatzen gaituzte, eta kanpotik ere jendea etortzen da gure berri ematera. Arrazoia garbia da: gauzak txukun egiten ari gara, norabide onean goaz, eta oso emaitza onak lortzen ari gara epe laburrean», azaldu du.

Bisitak eta bisitariak

Gipuzkoak hondakinak kudeatzeko sistema eraldatu, gaikako bilketa indartu eta erraustegia deuseztatu zuenetik, bisitari ugari jaso ditu, baita bisita asko egin ere lurraldean egiten dena azaltzeko. Adibidez, Errazkin berak iaz Bruselara egindakoa.

Bisitariei dagokionez, aipagarrienetako bat orain bi urte izan zen, Zero Waste Europe elkarteak Donostia hautatu baitzuen bere kongresua egiteko, batetik Oiartzun, Hernani, Usurbil eta Antzuolan lortutako emaitza onengatik, eta, bestetik, lurraldean irekitako aukeragatik. India, Hungaria, Eslovenia eta AEBetako ordezkariak etorri ziren.