Xole ARAMENDI DONOSTIA
Elkarrizketa
KOLDO ALMANDOZ
«HUBERT LE BLONEN AZKEN HEGALDIA» LANAREN EGILEA

«Hubert Le Blon eta bere emazteari buruzko pieza poetikoa egin nahi nuen»

Hubert Le Blon pilotuak Donostiako Ondarreta hondartzan galdu zuen bizitza. 191oeko apirilaren 2a zen eta 36 urte zituen. Azken hegaldi hura pantailaratu du Koldo Almandozek (Donostia, 1973). Duela ehun urteko zinema irudiak eta animaziozko lana uztartuz osatu du «Hubert Le Blonen azken hegaldia» film laburra. Zabaltegi sailean ikus daiteke egunotan.

Nola izan zenuen Hubert Le Blonen berri?

Egunkariren batean irakurri nuen Donostiako Ondarreta hondartzan, 1910ean, abiazio aitzindari batek istripua izan eta bertan hil zela. Informazio bila hasi eta berehala ikusi nuen Hubbert Le Blonek eta emazteak oso bizitza berezia izan zutela bizi izan zuten garairako. Auto lasterketetan aritzen ziren. Distantzia luzeko probetan parte hartzen zuten, Paris-Madril bezalakoak. Emazteak mekanikari eta kopilotu lanak egiten zituen; garairako oso aurreratuak ziren. Oso pertsonaia bereziak eta aldi berean ezezagunak ziren.

Zergatik erabaki zenuen film labur bat egitea?

Motorraren aitzindarien eta mekanikaren munduak, gaur egun bizi dugun aro digitaletik hain ezberdina denak, beti erakarri izan nau. Informazioa bildu nuen artikuluren bat idazteko. Baina irudiak bilduz joan nintzen heinean beste zerbait egiteko aukera ikusi nuen. Argi neukan artxibo irudiak erabili eta azken hegaldiaren errekreazioa egingo nuela animazio bidez. Isabel Hergueraren lana oso gustukoa dut -oso modu organikoan marrazten du- eta beregana jo nuen. Izan ere, dokumentaletan aktoreekin egiten diren errekreazioak artifizialak iruditzen zaizkit. 50 minutuko ohiko dokumentala egin nezakeen, baina pieza poetikoagoa egin nahi nuen, sormenezko dokumentala. Irudiek istorioa kontatzen dute, baina horri zer narrazio eman? Nola eta zer kontatu? Hori zen gakoa.

Zer-nolako xehetasunak deskubritu dituzu Le Blonen azken hegaldiaren inguruan?

Garaiko egunkarietan nahiko ondo jaso zuten gertaera. Ondarretan frogazko hegaldi ezberdinak egin zituen. Haietako batean arazoak izan zituen, baina bizirik atera zen. Bera hil zen hegaldi hura ez zegoen egitarauaren barnean. Donostiarrei oparia egin nahi izan zien eta orduan izan zen istripua. Londres hotelean hil kapera jarri zuten. Hilkutxa Norteko tren geltokira eraman zuten eta hiritar ugari joan zen agurtzera.

Pozik emaitzarekin?

Bai, oso gauza txikia zen hasieran, ez nekien pelikula bihurtuko zenik ere. Kimuak katalogoan sartu eta Zabaltegin ikustearekin niretzat soberan egin du bidea, eta oraintxe hasten da. Oso esker oneko pelikula da. Asko gustatzen zait artxiboetan irudi zaharrak bilatzea, eta Isabelekin lanean jardutea -animazioan planoak erabakitzea....- interesgarria izan da. Artisau lana izan da erabat. Grabatu gabe film bat egiteko modua da. Ikus daitezkeen irudi asko ez ziren pelikula egiteko sortu eta besteek egindako irudiak hartu eta zure narratiba berria ematea oso lan polita da.

Aurten inoiz baino etxeko lan gehiago dago Zinemaldian.

Aurten bada erakusleihoan produktu gehien dagoen urtea, baina biltegian edo denda barruan asko egon da azken urteotan ere. Egileek eta benetan zinema maite dutenek bultzatutako lana da, tematu direlako proiektuak aurrera ateratzen. Ez hainbeste zinema industria existitzen delako. Ez da izan ETBk edo ofizialtasunetik bideratutako zerbait.

Bestetik, Zinemaldian ari gara dokumentalak ikusten, baina gero ba al goaz zinema aretoetara gure produktuak ikustera? Gutariko bakoitzak bere buruari egin beharko lioke galdera. Nahi dugu euskal zinema izatea, bai, baina gero ez goaz ikustera...

Euskararen erabilpenak gorantz egin duelakoan zaude?

Jose Mari [Goenaga] eta Jonek [Garaño] laburretan ez zuten euskara hainbeste erabiltzen, eta hasieratik pentsatu zuten «Loreak» euskaraz egitea. Nork esango zuen Pablo Malok «Lasa eta Zabala» lanean euskara eta gaztelera erabiliko zituela bera euskalduna ez den heinean... Egoera garai batean baino hobea da... Agian, baikor harrapatu nauzu gaur.... [irribarrea]

Lehenengo aldia da osoki euskaraz filmatutako lana Sail Ofizialean lehiatuko dena.

Garrantzitsua da eta benetan ona izango delako egongo da hor. Azken urteotan Sail Ofizialean lehiaketaz kanpo ere egon izan dira bertako lanak eta beste batzuk ere egon zitezkeen. Eta noski, euskaraz lan eskas ugari ere egiten da.