Jon GARMENDIA
Idazlea

«Luka»

Abertzale sentitzen bazara zu, zorionekoak gu, «luka» baitaukagu, look-a. Kazetari fikziogileentzat look abertzalea helduleku ederra baita, bere horretan gainera, beste izenburu bat topatzeko burua gehiegi estutu gabe. «Diario 16» egunkariak 1986an «Pepa Flores, el look abertzale» argitaratu zuen, Marisol kantari ezagunak Herri Batasunaren babes ekitaldi batean parte hartu zuelako.

Jose Luis Martin Prieto ezker abertzalearen aurkako zutabegileak, dozenaka aldiz erabili zituen euskal militanteen izenak eta itxura, irainak indartzeko, artean, bere gezurrezko bahiketa planifikatzen ibiliko zen, hotel batean emakume batekin elkartu, emazteak desagertzea salatu eta hedabideek ETAk bahitu zuela zabaldu zuten arte. Alfonso Ussia matxistak «machorras y feas de Bildu» erabili zuen. «Diario de Navarra»-k «abertzandal» terminoari eman zion indarra, hitzak umore pean mozorrotu eta arrazakeria agertzeko. «Una hoja de ruta para superar el peinado borroka» argitaratu zuen Publico.es-ek Garikoitz Aspiazu euskal preso politikoaren argazkiei Photoshop erantsita.

Argudiorik ez denean itxurarekin sartzea beti da, haizu. Azkena «La Semaine du Pays Basque»-ko Pierre Lasterra izan da, asteon, ez da hain laster ibili, nahiz eta ekarpenik egiten ez duen erreportajea lehen orrira eraman: «Astebetean zail da halako batekin edo birekin ez gurutzatzea Euskal Herrian...». Munstro bati buruz ari dela iduri du... «Euskal abertzaletasunaren ezaugarri izan den bizarrak funtzio desberdinak dauzka. Moztuta, itxuraz aldatzen baita, eta hori biziki baliagarria da ekintza baten ondoren», perlak nahinon. «Violette les abertzalettes» morezko neska abertzaleak, «ettes» atzizkia haiek gutxiesteko erabilita. Finean, kazetaritza deitu ezin den hizkien zabor pila, justuki ni eta zu bezalakoak dendaz denda ibil gaitezen halako ale baten xerka. Alde horretarik, lortu dute helburua.