Josebe EGIA
ZIRIKAZAN

Sistematikoki bereizte hori

Ederra izan zen San Juan traineruko neskak helmugara heldu bezain laster arraunak askatu eta elkar besarkatzen ikusi ahal izatea, akituta, arnasestuka, baina pozak zoratzen. Urdaibaiko mutilak ikusi ahal izatea bezain ederra, berdin-berdin. Hunkigarria batzuei eta besteei beren herrietan egindako ongietorriak sentitu ahal izatea, urdin-urdina bata eta arrosa-arrosa bestea. Kasualitatea ere bada aurtengo irabazleen uniformeen koloreak horrela banatuta egotea, oraindik gainditu nahian gabiltzan sexuaren araberako dikotomia zahar eta pobre horietako bat izanik... zer esanik ez kirolaren arloan.

Hain zuzen, inon topa badaiteke neskak eta mutilak elkarrengandik bereizi eta bateraezin bilakatzen dituzten esparrurik, hori kirola baita. Inon topa badaiteke jarduerak eta lorpenak sexuaren arabera sistematikoki bereizten dituzten arlorik, hori kirola baita. Txikitan, inolako txapelketarik ez dagoenean, jolaste hutsagatik, elkarrekin egiten dute, naturaltasunez, eta utzi egiten zaie. Baina koskortuz joan ahala, eskolako edo auzoko talderen batean parte hartu nahi dutenean, txapelketaren bat jokoan denean, banatu egiten dituzte. Ez zaie erreparatzen neska ala mutila izan haur bakoitzaren dohain edo trebetasunari, nahi eta gogoari, edo neska-mutilek elkarrekin edo bakarka maila berean gara dezaketen ibilbideari. Batera lehiatzeko ezintasuna normal-normaltzat jota, bereizi egiten dira, eta, kirol gehienetan, neskak bidean geratzen dira: dela neska-taldekide nahikoa ez dagoelako, dela biderik errazten ez zaielako, dela aurreko biak konpontzeko beharrezko egoskorkeriari eustea, azkenean, nekezegia delako. Haurrak txikiak direnetik, helduen kirol jardueran betidanik gertatzen dena errepikatu besterik ez da egiten: gizonezkoena bultzatu eta goraipatu -sarri absurduraino ere-, eta, balego, emakumeena onartu eta aipatu.

Aipatu, duela zenbait urterekin alderatuta, aipatzen dira hedabideetan kirolari emakumezkoek lorturiko garaipenak, eta orduan bai beren hastapenak, ibilbideak eta esperientziak. Aurpegiak ikusten dizkiegu, ezagutu egiten ditugu eta euren lorpenek eragindako harrotasuna ere konpartitzen dugu. Eta logikoa da, gizonezkoen istorioek jariatzen duten bezainbeste ahalegin, sufrimendu eta irmotasunekin hunkitzen baikara, pertsonen adorearekin, alegia. Oso pixkanaka, beraz, badirudi hasiak garela gizonezkoei ematen zaizkien arreta eta aitorpen berak eskaintzen, bidezko lekua egiten, eta ondorengo belaunaldien pertzepzioa betiko aldatzeko urratsak ematen...

Aldatuko dena, eta betiko, emakumezkoen kirolari egiten zaion jarraipenak gizonezkoenaren mende egonarazteari uzten zaionean. «Futbol eta saskibaloi selekzioak barregarri geratu diren honetan, Davis Kopan tenisa Bigarren Mailara jaitsi den honetan, badirudi gure emakumezko atleten lorpenak bihurtu direla Espainia markaren gure aurkezpen-txartelik onena» moduko titular bat -«El Correo», irailak 18- inork behar ez duen adierazpen gaitzesgarritzat jo ez ezik, bururatu ere ez zaionean egiten kirolen arloko kazetari bati.