Mikel Ibarguren
Idazlea
JO PUNTUA

Dependentzia

Ziburuko Kaskarotenea ikastolaren behar larriak erakutsi digu gure herriaren betiereko nahi eta ezina. Suprefetaren edota auzapez jakobinoaren beha ibili beharra. Plastiko beltzek ere ez dute etenik izan Hondarribiko alardean. Eskubideak tradizioaren mende gelditu dira. Alarde fundazioko Patxi Goikoetxeak barkamena, aitortza eta erreparazioa eskatu dizkio Jaizkibel alardeari. Betiko hitzak betiko hitzen menpe hemen ere. Ikasleak Espainiartu nahi dituen Lomce legea abian da jada. 28 gazte epaile arrotzen esku geldituko dira berriro ere. Urkullu postaria bildu da Rajoyrekin eta ez du gutunazalik ekarri. Itsaso Atutxak dio ez dagoela presarik, ez dutela Euskadi amildegira eraman nahi. Ortuzarrek Edinburgotik kuku egin eta hemen, aurretik «muchas etxekolanas» ditugula egiteko esan du. Barcina Espainiarekin flirteatzen ikusi genuen, baina Gamazada berriaren aurrean printzesa hautsi bat bezala agertu da. Espainiako banderak lau haizetara zabal ditzagun nahi dute. Eskoziak demokrazia errealagoa egin du Europan, nahiz eta Britainia Handiaren mende gelditu. Kataluniako herri galdeketak konstituzioaren horma du oztopo (ze demokrazia eta ze otxokuartos!). Margallo Konstituzioaren 155. artikuluari hautsa kendu nahian dabil. Fiskalak hasi dira beren tribunal politikoak olioztatzen. Diada historikoan ara es l'hora ozendu da. Gure ordua noiz da? Independentismotik independentziara bidean zenbat dugu aukeratik, zenbat ameskeriatik? Naziogintza gutxiago eta estatugintza gehiago eskatzen duenik ere bada. Zertarako behar dugun independentzia burujabe ez bagara. «Euskal Herria orain eraikitzen ez badugu, jan egingo gaituzte», Zelai Nikolas dixit. P. Aristiren «Independentziaren paperak» liburutik I. Calzadaren «Postindependentzia» liburura pasatu gara di-da batean. Oraindik ez dugu osatzen subjektu politikoa lehenarentzat. Bigarrenak dio independente bagina legez jokatu behar dugula. Aldarrikapen gutxiago eta ekintzarako jarrera gehiago nahiko luke. Jendeak ilusioa, elkarlana eta indarra eskatzen du. Gure esku dago.

Gure ordua noiz den, ez dakit. Are gutxiago zenbat dugun prepolitikotik eta zenbat politikotik. Katalunian zer gertatuko den, batek daki. Balizko independentziak, Kataluniarenak zein gureak, nolakoak liratekeen asmatzen hastea ere, momentuz, zail egiten da.

Dependentzia honek gero eta kate astunagoak dituela bakarrik dakit.