Xabier Izaga
Kazetaria
IKUSMIRA

Elkarren beharra dute aurrera ez egiteko

Datorren ostegunean, Gasteizko Parlamentuan, Iñigo Urkulluk bere Gobernuaren lehentasunak zehaztuko ditu politika orokorrari buruzko saioan. Lehentasun horiek enplegua sortu eta ekonomia suspertzea, bakea eta bizikidetza, eta autogobernua dira. Enplegua sortu eta ekonomia suspertzeko proposamenak EAJk eta PSEk iaz sinatu zuten akordio politikoa omen du oinarri.

Idoia Mendia PSEko idazkari nagusi izendatu berriak dioenez, EAJrekin dituen akordio guztiak berriz aztertu eta ez du izaera nazionalista duen konturik onartuko. Mendiaren lehentasunak gai sozialak omen dira.

Hala ere, biek ere lehentasun bera dute, nik uste: elkarrekiko akordioa. Bien arteko elkarlanak tradizioa du dagoeneko, eta «zentralitatearen» berme gisa aurkeztu izan dute. EAJk PSEren ustezko joera ezkertiarra moteltzen du eta PSEk EAJren joera subiranista, nazionalista, «identitarioa»... apaldu, antza. Begiraleak zentroa non kokatzen duen.

Izan ere, EAJk burujabetza helburu duela ontzat jota, bide hori PSErekin batera jorratzea ez al da haltzari fruitua eskatzera joatea? Eta PSE ezkertiarra (olagarroa lagunarteko animalia bezala) dela onartuta, justizia soziala EAJren eskutik joatea arrantzura larrera agertzearen parekoa da. EAJren eta PSEren zentralitatea ez arlo batean ez bestean aurrera ez egitean datza. Hau da, bakoitza ustez ezaugarritzen duen arloan aurrera ez egiteko -norberak aurrera ez egiteko, alegia-, elkarren beharra dute.

Bada alderdi bi horien ustezko helburuen inguruko akordioak lortzeko prest dagoen indar politiko bat. Hala adierazi du aspaldi bezala oraindik orain ere: erabakitzeko eskubidea gauzatze aldera batasuna osatzeko gertu dagoela, edo ezkerreko politikak adosteko. Baina ez da alderdi horiek banatzen duten agiri demokratikoaren jabe. Azkenaldion aitzakia zoru etikoa zapaltzeko oinetakoak dira; bihar, batek daki, baina betiere zentralitate demokratiko, etiko eta legezkoaren izenean. Nondik nora...?