GARA

Harrera familiak behar dira Gipuzkoan, haur eta nerabeak hartzeko

Gipuzkoako Foru Aldundiak informazio eta sentsibilizazio kanpaina bat jarri du abian harrera familiak aurkitzeko, arrazoi bat edo beste dela-eta beren guraso edo senideen zaintzapean egon ezin diren haurrak hazteko. Europa Press agentziak azaldu duenez, harrera familia behar duten 55 haur ditu tutoretzapean foru erakundeak, haur horiek guztiek ingurune egonkor bat izan dezaten, bai afektuen ikuspegitik, baita hezkuntzaren eta zaintzaren ikuspegitik ere.

Ekimenaren leloa «Gaur, biharko eguna amets. Zeu zaitu aukeran» da, eta iragarki, kartel eta bideoen bidez zabalduko da, gipuzkoarren elkartasunari dei eginez. Interesdunek hainbat bide dute programaren arduradunekin harremanetan jartzeko: telefonoz (943 11 25 22), e-mailez (familiaharrera@gipuzkoa.net) edo Aldundiko Gizarte Politikako Sailaren bulegoetara joanez (Txara II eraikina, Zarategi 99, Donostia).