Maite IDIRIN
KRITIKA klasikoa

Pianista liluragarria

Akustika ona duen Azkaineko elizan izan zen larunbateko kontzertua. Claire Desert pianista gaztea bada ere, fama handia du dagoeneko, eta horren lekuko dira irabaziak dituen sari ugariak. Nazioarteko txapelketei erreparatuta, gogora dezagun Florentzian, Santanderren, Melbournen eta abar saritua izana dela. Argitaratua duen diskografiak ere hori bera baieztatzen du. Larunbateko emanaldiaren lehen zatia, Beethovenen 17. Sonata, “Ekaitza” bezala ezagutzen dena, interpretatuz abiatu zen. Aurrez esandako oro berretsi zuen. Hasieratik amaieraraino, kontzertu osoa, partiturarik gabe, hots, buruz egin zuen. Lehen mugimendutik «ekaitzaren» bihotzera garamatza, eta bigarrenenean ekaitzaren ondoko bakera, eta hirugarrenean egoera arin eta cantabilera. Jarraian, Chopinen “Nocturne en ut dièse mineur” erromantiko eta delikatua eta “Fantaisie op.49” ameslaria interpretatu zizkigun. Azken konposizio hau autoreak estimu handian zeukala ezagutzen dugu. Martxa erritmoan hasten bada ere, bigarren mugimenduan meditazioan sartzen gaitu, amaiera modu alai eta erritmatuan delarik. Bigarren zatian, Beethovenen 24. Sonata eskaini zigun hasteko. Garbia eta jariakorra da. Jarraian, Schumannen “Novelette 8.” eta autore beraren “Oihaneko gertakizunak op.82”, bederatzi zati txiki erromantikotan 1849an idatzia izan zena. Oihaneko bizitza du gaitzat eta «txori profetarena» da zati ezagunena. Pianistaren doinuak oihaneko gertakizunak ikusteraino eraman gintuen. Bukatzeko, Schumannen “Windmung” eta “Frühlingsnacht” liedarrak Liszten bertsio pianistikoan eskaini zizkigun. Liszten bertsioan bitxi zoragarriak dira, eta interpretazioa bera ere bitxi bezala hartu genuen. Egindako lana eskertzeko txalo beroak. Berant bazen ere, propina eskaini behar izan zuen. Berriro txalo zaparrada heldu zen, baina kontzertua amaitua zen.