Fredi Paia
Bertsolaria
JO PUNTUA

Norbera definitzen

Zapatu goizeko hamarretan hiru pertsona geunden Makaletako parkeko goiko solairuan. Hogeita bost urte inguruko rastadun neskato polit bat diaboloan trebatzen, laurogei urte inguruko gizona, gure aitak «amaputi» txapela esan ohi zion txano madrildarra jantzita itsasora adi eta ni, eskoziar erreferendumeko datu estatistikoak irakurtzen.

Ahots ozenez irakurri nuen: «Eskoziako erreferendumean ezezko boto-emailearen profila emakumezkoa da eta 60 urtetik gorakoa. Baiezko boto emailearena, ostera, gizonezkoa, 25 urtetik 34ra bitartekoa».

Diaboloa samaren alde batetik bestera jostari zeramala bota zuen neskatoak: «Orduan hogei urte barru berriro egiten badute, erraz irabaziko dute». Baietz egin nion nik buruarekin, oraindik ere ez dakidala zergatik. Eta une horretan bertan aldameneko bankuko gizonak, begirada itsasotik aldendu barik, erantzun zion: «Ez, neskato, hogei urte barru beraien aurrezkiengatik arduratutako askoz atso gehiago egongo dira, eta mutil gazte gutxiago». Bizikleta hartu eta hondartzarantz abiatu nintzen, Serantesen alderantzizko forma zeukan grafiko demografikoa txirrindu-otzaretan sarturik.

Aurrezkiak galdu nahi ez dituztenek etorkizuna irabazi gura dutenak garaitu zituzten joan den eguenean Eskozian. Baina ekonomia beste baterako utzirik, beste datu batek erakarri zuen nire arreta. Eskoziako akabuko hauteskundeak alderdi nazionalistak irabazi zituen, zehazki botoen %55 jasota. Eta erreferendumean independentistak %45 izan dira.

Beraz, gutxienez, ehuneko hamar bat dago nazionalista dena baina ez independentista. Gainera, Glasgowko ezkerreko boto-emailea masiboki baiezkoaren alde jarri izanak nazionalista ez independentisten ehunekoa bikoiztu ala hirukoizten du.

Abertzaletasuna sentimendu bat da, bere baitan biltzen dituena independentismoa, federalismoa eta autonomismoa. Beraz, terminologia politikotik baztertu beharko genuke, gizarteari proposamenak egiteko daukagun indarra neurtze aldera.

Ni euskaldun praktikante, ezkertiar eta independentista naiz. Eta zu?