Ariane KAMIO
62 EDICIÓN DE ZINEMALDIA

Segun nola begiratzen zaien, loreak baino ez dira

Loreak errepidean. Ondoan dute hildakoaren argazkia. Autoen joan-etorriek sortzen duten haize ufadek soilik mugiarazten dituzte lore hostoak. Gainontzeko guztia geldirik dago. Isilik. Gertatutakoa gordetzen.

Hamaika aldiz pasatu da halako irudia gure begien aurretik eta leku hartan gertatutakoa irudikatzea beharrezko ariketa bilakatzen da gehienetan. Halako santutegiek badute kutsu dramatikorik, tetrikotik ere bai, eta imajinarioa lanean jartzea erraza izaten da halako osagaiekin. Azken batean, baina, loreak besterik ez dira, hilobietakoak bezalakoak, edo ezkontzetakoak, edo erietxekoak, edo maitasun keinu bat darienak. Loreak baino ez.

Zenbateraino daukagu loreekiko ohitura? Lore sorta batek beti du esanahi bat, baina norberak jartzen dio nahi duena. Ezkutuko miresle batenak izan daitezke, edo maitalearenak. Segun ze begiekin begiratzen zaien.

Jon Garañorentzat, halakoxeak dira loreak: «Loreak ez dira ezer, norberak ematen die nahi duen esanahia. Nagoreri ilusioa pizten diote, baina bikotekidea mehatxatuta sentitzen da iristen diren bakoitzean. Berezko esangurarik ez duen zerbaitek emozio ugari sor ditzake».

Loreetatik abiatu dute Garañok eta Jose Mari Goenagak beraien lan berria, euskarazko lan berria. Erabaki horri buruz ere galdetu zuen gaztelaniaz ari zen kazetari batek: «Naturaltasunez atera zitzaigulako, gehiegi pentsatu gabe. `80 egunean'-ekin ondo joan zitzaigun; orain zergatik ez?». Osorik euskaraz grabatutako lehen filma 2014an sartu da estreinakoz lehia ofizialean, eta horrek ilusioa eta arreta piztu ditu, nahiz eta askok ez duten hautu hori ulertzen, Estatuko merkatuko ateak ixten ei dituelako. «Estatukoak agian bai -agertu zuen Goenagak-, baina nazioartean ez dio axola zein hizkuntzatan egina dagoen». Eta «80 egunean»-ekin ondo frogatu zuten hori bi zuzendariek.

Filmeko emakumezko aktoreentzat loreak. Itziar Aizpuru (Tere), Nagore Aranburu (Ane) eta Itziar Ituiñok (Lourdes) beren dohainak erakusteko aukera handiagoa dute: Josean Bengoetxearen papera (Beñat), aldiz, apalago geratzen da. Aurpegiratu ere egin zioten oso ongi ez zela aritu. «Eskerrik asko, ba. Ez dakit. Ni film honetan oso partaide sentitzen naiz». Nola hala atera zen egoeratik nazioartean saritua izan den «Ander» filmeko protagonista.

Beñaten ama da Tere. Ez zaio sekula Lourdes bikotekidetzat gustatu. Emakume banandua da gainera, haur baten ama, eta nabari da filmean zehar bien arteko soka tenkatuta dagoela. Itziar Aizpuruk ere ez zuen ukatu prentsaurrekoan. «Ez zen nire errain gogokoena! Beste zerbait nahi nuen semearentzat!».

Zinema femeninoa egiten dutela esan zieten Garañori eta Goenagari. «80 egunean»-eko bi emakumeen arteko harreman lesbikoagatik eta, oraingoan, hiru emakumeen arteko harreman triangeluarragatik. «Nahigabe ateratzen zaigu. Agian gizonezkoak eta emakumezkoak ez gaude hain urrun».

Edo agian ez dago ezer hain urrun. Segun gure begiek nola begiratzen duten. Erredakziora ere iritsi zitzaizkigun arrosak. «Loreak baino ez dira». Eta egia da, hori besterik ez da.