Arabako Bertsolari Txapelketa hasi berrirako lehenengo sailkatuak Enbeita eta Igoa dira

Kanpezun izandako bi kanporaketa aurreko saioetan sailkatu ziren Enbeita eta Igoa; hurrengo bi saioak larunbatean jokatuko dira. Horrez gain, Bizkaian eta Ipar Euskal Herrian ere hastear dira bertsolari txapelketak.

Joan den larunbatean Kanpezun jokatu ziren Arabako Bertsolari Txapelketako kanporaketa aurreko lehenengo bi saioak, eta hurrenez hurren Zigor Enbeita eta Xabi Igoa atera ziren garaile. Kanporaketa aurreko bost saio izango dira orotara, eta hortik hamahiru lagun sailkatuko dira 2015eko txapelketarako. Bestalde, 2013ko txapelketako finalistak sailkatuta daude dagoeneko urtarrilean hasiko den norgehiagokarako.

Olatz Santocildes izan zen gai-jartzaile Zigor Enbeita, Irati Anda, Oier Arbina, Iker Olabarrieta eta Unai Gomez aritu ziren lehen kanporaketa aurreko saioan. Ainara Balantzategik azkenean ez zuen parte hartu.

Bigarren saioan, Veronica Domingo izan zuten gai-jartzaile Iñaki Lertxundi, Egoitz Iradier, Iñaki Tena, Iker Agirre, Ander Solozabal eta Xabi Igoak. Azken horrek lortu zuen sailkatzea. Beraz, Igoa eta Enbeita izan ezik, Kanpezun abestu zuten bertsolariak zain geratuko dira, hurrengo saioetan besteek lortzen duten puntuen arabera sailkatzeko aukerarik duten ala ez jakin arte.

Hain zuzen, larunbat honetan izango da hurrengo hitzordua, Ozetako Iduia jauregian, 16.30etik aurrera. Hirugarren eta laugarren kanporaketa aurrekoak jokatuko dira. 2015eko Arabako txapelketako irabazlea nor den martxoaren 21ean argituko da, Gasteizko Principal Antzokian jokatuko den finalean.

Iparraldean eta Bizkaian

Era berean, Xilaba Ipar Euskal Herriko 4. Bertsulari Xapelketa jarriko da abian larunbatean, eta Muskildin jokatuko da hiru kanporaketa saioetatik lehena. Bertan, Aitor Servier, Egoitz Zelaia, Gillen Hiribarren, Mixel Etxekopar, Sustrai Colina eta Xan Alkhat izango dira. Horiez gain, lehiaketan parte hartuko dute Battitt Crouspeyre, Lur Renteria, Maddalen Arzallus, Eneritz Zabaleta, Odei Barroso, Ortzi Idoate, Mixel Etxekopar, Maddi Sarasua, Miren Artetxe, Xumai Murua, Ortzi Murua, Patxi Iriart eta Ramuntxo Christy bertsolariek. Finalerdiak Aiziritzen (urriak 26) eta Larresoron (azaroak 2) izango dira, eta finala Baionan (azaroak 15).

Horrez gain, Bizkaiko Txapelketa aurkeztuko dute ostegunean, urriak 2. Eskualdeetako Bertsolari Txapelketan parte hartu zuten bertsolariak eta beste urteetako finalistak lehiatuko dira. Zuzenean finalaurrekoetara sailkatu dira Miren Amuriza, Etxahun Lekue, Arkaitz Estiballes, Iratxe Ibarra, Jone Uria, Onintza Enbeita eta Fredi Paia.