Joxemari Carrerre
Ipuin kontalaria

Kritikak

Espainian, 1981ean izan zen estatu kolpean ospetsuak egin ziren hainbat esaera, horien artean hau: «Ni está ni se le espera». Orduko esaldi haiek, hau bezala, beste egoeratan erabili izan dira. Kontaketa ikuskarietan kritikarien agerpenaren zain egoterakoan esaterako, «Ez daude, ezta egongo ere». Zergatik ote?

Kritikarien lana maiz kritikatua izan da sortzaileen artean; baina era berean, euren beharra aldarrikatzen da. Esan ohi da literatur kritikaria edo antzerki kritikaria, idazle edo antzezlari frustratuak direla, euren frustrazioak besteen lanen kontra bideratzen dituztelarik, bolizko dorretik mintzatzen direla. Izango da halakorik jakina; egia den bezala, badaudela kritikari zorrotzak baina era berean zentzuzko kritika ondo argumentatuak egiten dituztenak, sortzaileentzat ikasbide direnak, euren lan ildoak hobetzeko lagungarriak. Eta zalearentzat, gogoetarako eta irizpideen lantzeko tresna. Kontalaritzarekin ordea, ez on ez txar, kritikarik batere ez da agertzen ohiko hedabideetan. Arte eszenikoen kritikariak ez dira agertzen kontaketa ikuskarietan, ezta arbuiatzeko ere. Hutsaren pareko bihurtzen dira kritikarientzat. Bi aldetako gogoeta ekarri beharko luke honek. Alde batetik, kritikariena. Arte eszeniko honen gaineko desinteresa zerk bultzatzen du? Ezagutzen ote dute? Baina kontalariok ere gurea egin beharko genuke. Kritikarien errua ote da bakarrik? Eskaintzen dugun kontalaritzaren irudia interesgarria al da arte eszenikoen munduan? Geure ikuskariak non, nola zein helbururekin aurkezten ditugu? Kritikak aldarrikatu behar ditugu, baina baita eskaintzen dugunaren gaineko gogoeta egin ere.