Amalur ARTOLA DONOSTIA

Bizitzaren bidaiaz mintzo da Aristi «Urari ostutako poemak» lanean

Getariako paseo luzeen haritik eta itsasoari begira sortu du Pako Aristik «Urari ostutako poemak», bizitzaren barneko bidaia proposatzen duen poesia liburua. Urrestildarrak zuzeneko errezitaldiak eskainiko dituela iragarri zuen. Lehena, gaur, 19.00etan, Garoa liburu-dendan.

Poemak urari ostu dizkiola dio Pako Aristik. Itsasoari zehazki. Eta, bereziki, Getaria bustitzen duen ur masari. Kostalde hartan zehar egindako paseo luzeetan etorri zaizkio atzo aurkeztu zuen argitalpenean, «Urari ostutako poemak» lanean, bildu dituen aleak. Guztiek hitz egiten dute bizitzaz, bidaia metaforatzat hartuta, eta horixe da irakurleari eskaintzen diona: bizitzan zeharreko bidaia, jaiotzetik hasi eta heriotzaraino. Tartean, bizipen bereziak izan dituzten pertsona arrunten istorioez mintzatzen diren poemak topatuko ditu irakurleak.

Urrestillakoak aurreko poema liburua, «Libreta horiko poemak» (Susa, 2003), orain hamaika urte argitaratu zuela ekarri zuen gogora aurkezpenean Aristiren ondoan egon zen Susako editore Gorka Arresek, eta sorta berriak dituen ezaugarriez mintzatu zen: «Baditu poeten pentsamenduak, gogoetak, kontenplazioak biltzen dituen adar bat, baina gero badago beste poema multzo bat, jendeari buruz diharduena; jende arrunta, baina zerbaitengatik oso berezia dena eta, nolabait, bere bizitza kontatzen digu. Aizkolaria, hiltzailea, oso urruneko idazlea, kartzelatik irtetear dagoen presoa... Bizi zati labur baina tentsoak eskaintzen dizkigu. Nolabait, bidaia baterako gonbidapena egiten digu», laburbildu zuen.

Hitza hartuta, Aristi poesia argitaratu gabe pasa dituen hamaika urteei buruz mintzatu zen. «Jendeak idazleaz duen irudia mentalki oso aktiboa den norbaitena da. Nik uste dut sortzaileak itxaroten ere jakin behar duela; modu egokian bazaude, ideiak etorri egiten dira zugana». Esku artean duen lan berria presarik eta idazteko asmorik gabe sortu duela ziurtatu zuen, eta, bertan, «literaturako klasiko batez» hitz egin duela nabarmendu zuen: «Jaiotzen zarenean hasten den bidaiaren errepasoa da, baina hitzarekiko mesfidantza handiz. Uste dut zorigaitzak baino min handiagoa egiten dutela guk zorigaitzaz esaten ditugunek. Eta hor kultura sartzen da jokoan; amodio batek hiru urte irauten baditu, amaiera hori frustrazio gisa bizi dugu. Gure kultura plazeraren aurkakoa da, bizitzarekiko beldurra sustatzen duen kultura da. Gai horiei guztiei buruz hitz egiten dut liburuan». Baita, aipatzen duen «beldurraren kultura» horren aurrean gizakiek hartzen duten rolaz ere: «Batzuk automutilatu egiten dira, autozentsuratu, talka ez egiteko. Besteak jendartean mimetizatzen dira, indibidualtasunari uko egin eta masan ezkutatuz. Hirugarrenek ihes egiten diete euren bokazioei». Bizitzaz eta bizitzez, bietaz dihardu Aristik «Urari ostutako poemak» lanean eta, atzo iragarri zutenez, horiek zuzeneko errezitaldietara emango ditu. Urrestildarrak gaur bertan abiatuko ditu saioak (Donostiako Garoan, 19.00ean). Udazken honetan beste hainbat errezitaldi ere eskainiko ditu eta, neguan atseden hartuta, hurrengo urteko udaberrian ere ariko dela esan zuen. Aristik «musika pixka bat edo» sartu nahi bazuen ere, editorearen gomendioz bakarrik ariko dela iragarri zuen; «hori omen da orain abangoartistena-eta», esan zuen.

Hiru aldiz idatzitako poemak

Ez behin eta ez bitan, hirutan idatzitako lana da Pako Aristik atzo aurkeztu zuen «Urari ostutako poemak» argitalpena. Lehena idazleak bere etxeko bakardadean idatzitakoa. Bigarrena, Susako editore Gorka Arreserekin batera berridatzitakoa. Eta, hirugarrena, zuzeneko errezitaldietarako egokitzapenak egin zituenean osatutakoa. Azken honen ostetik etorri da behin betiko bertsioa.

«Ahoskera klaseak hartzen jardun naiz errezitaldietarako eta horretan nintzela konturatu nintzen poema batzuek ez zutela funtzionatzen, oso sintaxi narrasa zutela. Aldatzen joan naiz eta esan daiteke kasik azken unera arte, inprentan sartu arte, hitz bat, esaldi bat, moldatzen joan naizela. Poema bati azken sei lerroak ere kendu nizkion, hobeto funtzionatzen zuelakoan. Poemak amodio harremanen tankerakoak direlako; askotan askoz gehiago kostatzen da amaitzea hastea baino», hausnartu zuen.

Bere lanak «horrenbestetan» berridazten dituen lehen aldia dela nabarmendu zuen Aristik. «Espero dut ondo geratu izana eta jendaurrean funtzionatzea», agertu zuen. A. A.