GARA GASTEIZ

Dantzaldian, Schiaparelli diseinatzailearen biografian oinarritutako ikuskizuna

Bilboko La Fundicion aretoko Dantzaldia jaialdiaren 15. edizioan, «Aragosta» lana aurkeztuko du ASMED-Balletto di Sardegna dantza konpainiak, Coco Chanelen garaikidea izan zen Elsa Schiaparelli italiar diseinatzailearen biografia ardatz duen koreografia pertsonal eta onirikoa. 30eko hamarkadan moda munduko aitzindari jenial eta antikonformista izan zen Schiaparelli, eta gaur egun ere inspirazio iturria da mundu osoko artista eta estilistentzat. La Fundicion aretoak bere webgunean, ikuskizunari buruzko aurkezpenean, dioenez, «ez da harritzekoa izango koreografian dantzarietako batek irudimeneko desfile dotore bat aurkeztea eta ibiltokira modeloak dantza-urratsekin sartzea, beren azala dela beren soineko bakarra».

Moreno Solinasek zuzendutako koreografian, Francesca Assiero Bra, Anna Paola Della Chiesa, eta Rachele Montis interpreteekin, jarraipena emango diote konpainia horrek Elsa Schiaparelliren figurari buruz iaz hasitako ikerketa lanari. Urriaren 4an 20.00etan izango da ikusteko aukera, baita hilaren 5ean ere, 19.00etan.