GARA DONOSTIA

Kanpoan gelditu diren sortzaileei lekua egiteko lanean ari da Ahotsenea

Durangoko Azokan sortzaileek euren lanak zuzenean aurkezteko duten Ahotsenea eremuko arduradunak bertan parte hartu ezinik gelditu diren musikari eta idazleei tokia egiteko lanean ari direla adierazi zuen atzo Lutxo Egiak, Ahotseneako zuzendari berriak, Infozazpi irratiari eskainitako elkarrizketan. Izan ere, eskaeren epea ireki eta lehenengo egunean bertan bete ziren 40 kontzertu eta beste hainbeste solasaldi edo liburu aurkezpen egiteko aukerak, eta izena emanda, kanpoan 18 musika talde eta hamar bat idazle gelditu direla azaldu zuen Egiak.

Sortzaile gehiagori tokia egiteko, bi agertoki jartzea eta solasaldiak lekuz aldatzea aipatu zuen esku artean darabilten soluzio gisa, baina horretarako diru gehiago izatea ezinbestekotzat jo zuen, «baliabide teknikoek finantzaketa bat eskatzen dute», esan zuen. «Hainbat ate jotzen ari gara, enpresa pribatuak eta publikoak. Beharrezkoa den finantzaketa ez da hain handia», adierazi zuen.

Toki guztiak lehenengo egunean bertan bete zirela ikusita, ziur aski sortzaile askok izen emateko asmoz atzera egin dutela uste du Egiak, eta horregatik, dei egin zuen guztiak anima daitezen, guztientzako tokia egiten saiatuko direlako. «Eskertuko genuke, ahalegintzen ari garelako kanpoan gelditu direnei tokia egiten eta horrela ikusiko genukeelako zein den Ahotseneak benetan duen harrera».

Talde lana

Lehenengo urtea izango du Lutxo Egiak Ahotsenea eremuko zuzendari gisa. Infozazpi irratian egindako elkarrizketan azaldu zuenez, bera izango da orain arduraduna, baina talde oso bat ari dira bertan lanean eta orain arte buru izan den Gotzon Barandiaranek ere bertan jarraitzen du. «Trantsizio urte bat da», esan zuen.

Egiaren ustez, Ahotseneak Azokari ereduz aldatzen lagundu dio. «Haize berria ekarri zion orain sei urte, Azoka parte-hartzaile bat sortzen lagundu du», esan zuen.