GARA

Babes ugari, «Bateragune auziko» presoak askatzearen aldeko martxak

Arnaldo Askatu! Politika askatu! plataformak deituta, manifestazioa egingo da urriaren 11n Elgoibarren, «Bateragune auziagatik» espetxean dauden Arnaldo Otegi, Rafa Diez, Sonia Jacinto, Miren Zabaleta eta Arkaitz Rodriguezen askatasuna aldarrikatzeko. Urriaren 13an atxilotu zituztenetik bost urte beteko dira.

Mobilizaziorako atxikimenduak ugaritzen ari dira egunetik egunera. Alderdi politikoen artean, babesa adierazi duen azkena BNG galiziarra izan da, Sortu, EA, Alternatiba eta Ezker Batua-Berdeak alderdiez gain. Halaber, Adolfo Perez Esquivel Nobel saridunak, Josu Juaristi EH Bilduko eurodiputatuak, Willy Toledo aktoreak, Alfredo Etxeberria Elgoibarko EAJko alkateak eta Joan Tarda ERCko diputatuak beste hainbeste egin dute.