Amalur Artola

Irakurketa azkarra, euskarazko irakurketa eta ulermena sustatu eta gizarteratzeko lanabesa

Irakurtzea eta irakurritakoa ulertzea ez da gauza bera. Hizkuntza jasoan idatzitako gutun ofizial bat hitzez hitz eta trabatu gabe irakurtzeak ez du haren ulermena ziurtatzen. Hori iraultzera dator Irakurketa Erraza: testuaren esanahia aldatu gabe denek ulertzeko moduan idaztea du erronka.

Europa iparraldean sortutako fenomenoa da Irakurketa Erraza (IE). Han, hiru hamarkada daramatzate atzerritarrek tokian tokiko hizkuntzak barneratu ditzaten irakurgaiak egokitzen. Funtsean, transmititu nahi den hori ahalik eta era sinple eta ulerkorrenean adieraztea litzateke IEren oinarria; esan nahi denaren funtsa aldatu gabe denok ulertzeko moduan idaztea. Eta «denok» horren barnean leudeke atzerritarrak edota ulermen arazoak dituzten pertsonak, baina baita, kontzeptua zabaldu eta geurera ekarriz, euskaldun berriak, euskara ikasleak edota euskaraz irakurtzeko trabak sumatzen dituzten euskaldun zaharrak ere. «Gure kasuan, azken helburua euskarazko irakurleak sortzea litzateke, askok gaztelaniaz irakurtzean sentitzen duten goxotasun hori euskararekin ere sentitzea», azaldu du Fernando Morillo idazle eta, Naiara Ibarrekin batera, Gaumin argitaletxeko sortzaileak. Eurek argitaratu dituzte egun merkatuan dauden Irakurketa Errazeko lau liburuak: Montse Flores Pallaresen «Rif mendietako ura», Nuria Marti Constansen «Traizioa lakuan», Ander Izagirreren «Txernobil txiki bat etxe bakoitzean» eta Morillok berak idatzitako «Santiago Bidean misterioa». Gaztelaniaz ehun liburu inguru daude.

«Euskaldun zahar askori kosta egiten zaie euskaraz irakurtzea, ez dutela ulertzen esaten dute, eta gaztelaniazko literatura kontsumitzen dute. Bestalde, gazte askok eskolatik agindutako eta derrigorrez egin beharreko zerbait bezala ikusten dute euskarazko irakurketa. Eta euskaraz ikasteko ahalegina egiten duten askok haur literaturara jotzen dute, ulertzeko errazagoa egiten zaiela-eta. Gure asmoa horiek euskaraz irakurtzean goza dezatela da, irakurketa sustatzea», agertu du Ibarrek.

Euskarazko materiala sortzea, ordea, ez da erraza. Ohiko idazleek mesfidati begiratzen diote IEri, «euren testua gutxituko duelakoan», eta ahalegina egiten dutenak «era errazean» idaztea uste baino zailagoa dela konturatzen dira. «Esaldi laburrak erabiltzen ditugu, ergatiboak eta menpeko esaldiak ekidinez. Metaforak alboratu egiten ditugu, hitz jasoak erabili beharrean denok ezagutzen ditugunak hautatu... Gauza asko hartu behar da kontuan», dio Morillok. Formatua ere berezia da: «Lehen begiratuan poesia dirudi; esaldi bakoitzeko ideia bat ematen da, eta nahasgarria suerta daitekeen hitzen bat sumatzen bada, orrialdearen azpialdean zehazten da azalpena», nabarmendu du Ibarrek.

Katalunian IE lantzen hamarkada bete daramatela azaldu dute eta, batez ere, hezkuntza arloan dabilen jendea dela ekimenera biltzen dena: «Irakasleak dira batik bat, hizkuntzen transmisioan lan egiten duen jendea. Baina orain zabaltzen ari da, indarra hartzen ari da eta interesa erakutsi duten elkarte eta erakunde asko daude, etorkinekin dabiltzan elkarteak, dislexia edota Down sindromea duten pertsonenak... Irakurketaz mundu guztiak disfrutatu beharko lukeelako», hausnartu du Ibarrek.

Erakusketa eta lehen irakurle kluba

Koldo Mitxelena Kulturunea da IErekiko «interes bizia» erakutsi duenetariko bat. Horren adierazle, gaur bertan zabalduko duen erakusketa, «Irakurtzea, plazera eta eskubidea». Batez beste, biztanleen %30ek irakurtzeko eta ulertzeko zailtasunak dituztela kalkulatzen da eta, horiek ere irakurketaz gozatzeko eskubidea dutela aldarrikatzeko, IEren nondik norakoak azalduko dituen erakusketa osatu dute. Gaur, 19.30ean, izango da aurkezpen ekitaldia, Euskadi-Irakurketa Erraza taldearen bultzatzaile Blanca Mataren eskutik.

Bilbon ere sortu da Irakurketa Errazaren gaineko irrika. Bada urtebete inguru Alondegian gaztelaniazko Irakurketa Errazeko kluba egiten dutela eta bihar hasiko da euskarazko lehena. Bilboko Bertendona institutuko ikasleek «Rif mendietako ura» irakurriko dute eta, horretarako, ostiralero bilduko dira sei astez. «Institutu horretako ikasle gehienak etorkinak dira eta irakurle klubean hamalau ikasle inguruk hartuko dute parte. Lehen saioan ez dute liburua ikusi ere egingo, lehen asmoa aurreiritziak baztertu eta euskararekiko jarrera ona bideratzea baita. Interesgarria izango da zer gertatzen den ikustea, hortik abiatuz jakingo baitugu zer ari garen ongi egiten eta zer aldatu behar den», azaldu du Ibarrek.

Ibar eta Morillo baikor azaldu dira eta Bilbon eta Donostian ernatu denak segida izatea espero dute. Hala izan edo ez izan, beraiek bide horretan lanean jarraituko dutela diote eta, oraingoz, hurrengo urterako IEko beste bi argitalpen kaleratzea dute buruan.