Kizkitza Gil de San Vicente
JO PUNTUA

Lidergoa eta pedagogia

Gertaera politikoz beteriko aste hauetan, euskal jendartearen gehiengoa Eskozia eta Kataluniaren musikarekin dantzan gabiltza. Bitartean, Euskal Herriko konponbide prozesuan iniziatibak ugaritu dira. Gazteek epaiketa politikoei desobeditu eta elkartasunerako deia egin dute; Euskal Presoen Kolektiboak sakabanaketarekin amaitzeko euskal jendartearekin elkarlanean aritzeko beharra aipatu du; EH Bilduk Bake Ponentzia desblokeatzeko iraganaren inguruko irakurketa burutzeko urratsak iragarri ditu; eta, Gudari Egunaren testuinguruan, ETAk konponbide osoa ekarriko duen prozesu demokratikoa aldarrikatu eta ezker abertzalearen oinarriaren batasuna eta aktibazioa azpimarratu du. Ekimen hauek guztiek logika bera partekatzen dute: jendartearen aktibazioa oinarria da, konponbide prozesua aldarrikatu baino konponbidea eraikitzeko iniziatiba eta jarrera nagusitzen da.

Tartean, Bizkaibuseko autobusen kontrako erasoak gertatu dira, eta aurretik izan diren antzeko erasoekin bezala, ezker abertzaleak bultzatzen duen konponbide prozesuaren logika zalantzan jarri da, eraginkorra ez delakoan. Gertaera hauek baino, ingurune abertzalean sortu duten zurrunbiloa da kezkatzen nauena, eta honen aurrean egoerak eskatzen duen lidergo eta pedagogia mailarekin erantzun behar da. Iheslari Politikoen Kolektiboaren parte izanik, estrategia berria barneratzeak zenbat eztabaida eta enpatia eskatu duen ikusi dut. Etxera eramango gaituen bide orria abiatzeko erabakia eta honek gatazkaren konponbide osoa lagunduko duen ekarpen gisa sentitzea eztabaida prozesu baten emaitza izan da. Maila ezberdinetan bada ere, ariketa honetan denoi aldatu zaigu bizitza eta borroka ikusteko moldea.

Egoera honetan, ezker abertzalearen lidergoa, hartutako bide orria bururaino eramateko konpromisoan erakusten da. Tinko aritu behar dugu interferentzia guztien aurrean. Baina, lidergoak ezinbestean konpartitua izan behar du, ulertua eta sinistua gure oinarrian. Berau baita, herri eta eremu ezberdinetan, Euskal Herrian dagoen giharra, konfrontazio estrategia batean antolatzeko bermea. Eta gu ez gara politikari konbentzionalak, gu ekintzaile politikoak gara; gure pizgarriak ideiak eta sentimenduak dira. Kolektiboaren babesean handitzen gara. Horregatik lidergoa, pedagogia eta hurbiltasuna ere bada.