GARA

Krisia gainditzeko, burujabetza ekonomikoa aldarrikatu du EH Bilduk

Gizartean oinarritutako ekonomia bat garatu eta krisia gainditzeko burujabetza ekonomiko eta soziala ezinbestekoak direla aldarrikatu zuen EH Bilduk atzo Bilbon egindako mintegian. Bide horretan, akordio zabalak beharrezkoak direla nabarmendu zuen eta baldintza gisa ezarri zituen murrizketarik gabeko aurrekontu eta politika publikoak, baliabideak ziurtatzeko erreforma fiskala eta burujabetzan oinarritutako beste eredu ekonomiko bat.

Joseba Permach EH Bilduko ordezkariak beste ekonomia eredu bat garatzeko helburuarekin atzo Bilbon egindako mintegian ateratako ondorio nagusiak mahai gainean jarri zituen, pertsona oinarri izango duen politika bat beharrezkoa dela aldarrikatuz.

Krisiaren aitzakiapean ezarritako murrizketen helburua «Europako bankuak eta finantza oligarkiaren mozkinak bermatzea» dela salatu zuen, horretarako gizarte eskubideak «suntsitzen» ari direla ohartaraziz.

«Baliabide pribatuak publiko egin ordez, publikoa dena pribatizatzen da, diru publikoa bankuak erreskatatzeko erabiltzen da», adierazi zuen Permachek, «defizita betetzeko» aurrera eraman diren neurrien inguruan.

Hala, gizartearen zati handi batek bizi duen egoera larria irudikatzeko zenbait datu eman zituen. Esaterako, Hego Euskal Herrian 200.000 langabe baino gehiago daudela edota 60.000 pertsonak baino gehiagok Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta eskatu dutela «ez daukatelako beste baliabiderik». Azken datu horri buruz, inoiz izan den eskaera kopururik handiena dela nabarmendu zuen.

Baldintza nagusiak

Euskal gizartean eta instituzioetan «birus horri» aurre egiteko adina indar badagoela uste du koalizioak. Adibide moduan, Gipuzkoako Foru Aldundiak indarrean jarritako Aberastasunaren eta Fortuna Handien gaineko Zerga aipatu zuen. Gizarte arloko murrizketarik gabeko aurrekontuak onartzea, porlanera bideratutako inbertsioak gelditzea eta berrikuntzan eta ikerketan inbertitzea ere posible dela defendatu zuen.

«Hori guztia egiten dugun bitartean, gizarte eta ekonomia politika berrietarako proposamenak aurkezten ari gara, duela gutxi enplegua sortu eta pobrezia errotik kentzeko 150 proposamen aurkeztu genituenean bezala», azaldu zuen.

Krisitik ateratzeko erronkaren aurrean akordio zabalak behar direla nabarmendu zuen eta, hein horretan, gehiengo sozial eta politikoaren konpromisoa eta parte hartzea nahitaezkoak direla gaineratu zuen.

Lau baldintza nagusi marraztu zituen horretarako: murrizketarik gabeko aurrekontu eta gizarte politikak bermatzea, gizartearen erronkei aurre egitea posible egingo duten baliabideak ziurtatuko dituen erreforma fiskala egitea, «Europak ezarritako eredu neoliberala» gainditzeko akordioa lortzea eta burujabetza ekonomiko eta soziala.

Andoni Ortuzar EAJko EBBko lehendakariarentzat ere izan zituen hitzak Permachek, eta estatus berriaren auzia krisi ekonomikoa gainditu ondoren garatu behar dela uste badu oker dagoela ohartarazi zion. Beraren ustez, kontrako norabidea da hartu beharrekoa. Hots, lehenik eta behin burujabetza politiko, ekonomiko eta soziala lortu behar dela defendatu zuen, ondoren erronkei aurre egin eta lan eredu, politika fiskal eta pentsio sistema propio baten etorkizuna ziurtatzeko.

Fiskalitatea

Gipuzkoako Foru Aldundiak ezarritako Aberastasun eta Fortuna Handien gaineko Zerga defendatu zuen Permachek, gehien daukatenek gehiago ordainduz gizarte zerbitzuak garatzeko baliabideak bermatzeko.