Josebe EGIA
ZIRIKAZAN

Kontuz: haurduna

Duela aste pare bat, Espainiako Enpresarien Zirkuluko presidente Monica de Oriolek inolako lotsa edo erruduntasun sentimendu barik adierazi zuen berak nahiago lukeela, emakumea kontratatzekotan -adi: «-kotan»-, 25 urtetik beherakoa edo 45etik gorakoa hautatu. Goi aldera dabiltzan hogeitakoek eta hogeita hamarretakoek, aizue, haurdun geratzeko joera gogaikarria dutelako, enpresari eta beraren produktibitateari inolako begirunerik erakutsi gabe, gainera, hainbeste baja eta hainbeste pribilegio. Egun, halako ergelkeriarik publikoki botatzen duenaren marketin-arduraduna oporretan ote dagoen pentsatzeaz aparte, biziki amorratzen naiz erabakimen-boteredunen batek dioenean, imajinatzen dudanean zelan maneiatuko diren langileen lan-ibilbideak haren eta bera lakoen jarduera-esparruetan. Zelako presio zoliak jasan behar izango dituen enpresari erabat emana bizi ez den eta bizi nahi ez duenak, izan litekeena, halaber, bizitzarik duen gizona.

Eta Espainiako Estatuan emakumeon lan-eremuan historiaurreko irizpideen arabera funtzionatzen jarraitzen dela dirudien bitartean, Estatu Batuetatik bestelako berri bat datorkigu: Google eta Apple enpresa teknologikoek finantzaketa eskainiko diete beren emakumezko langileei beraien obuluak izozteko. Aberatsa izan behar da emakumea tratamendu hori jaso ahal izateko, izugarri garestia baita; emakume arruntek, esan nahi dut langile soilek, gutxi erabilia, beraz. Jakin badakigu mundu honetako aberastasuna gaizki banatuta egoteaz gain, generoaren arabera are okerrago dagoela. Ondorioz, aipatu enpresek, beren langileen amatasun nahiaz eta ongizateaz arduratuta, laguntza ematea erabaki dute.

Ziur asko, ez daitezen hogeitaka edo hogeita hamarretan, pertsonok bizitasunez, energiaz eta irauteko gaitasunez tope gauden adin tartean, haurrak edukitzen hasi, eta, batez ere, enpresari dirua kostatzen. Punta-puntako teknologia enpresen bihotzean, Silicon Valley deritzon horretan, material zein giza modernitatearen eredu dirudien gunean, marketinak ez du oporrik ezagutzen. Ustezko aurrerapen positiboen lantegian, dena egiten da zentzu positiboan, denak dirudi bideratua gizakioi laguntzera, gizakion egunerokoa erraztera eta gizakiok erosoago biziaraztera. Ez dute esango «neska, jarrai ezazu gurekin indartsu zauden bitartean, utzi amatasuna beranduagorako, zergatik arriskuan jarri gurekin duzun gero profesional aparta», itsusi eta politikoki ezegoki geratuko litzatekeelako. Nahiago dute marketinaren makineriari eragin eta erantzukizun lanpostuetan, propio teknologikoak direnetan edo ikerketari bideraturikoetan, alde handiz, gizonak sustatzen segi. Izoztutako obuludun emakumeak behar dituzte, gazte eta itxura onekoak, bezeroari begirako arloak bete ditzaten (enpresen euren datuen arabera): marketina bera, salmentak, harreman publikoak...

Hemen nabarmen eta han itzulinguruka, baina emakume langile haurduna berdin-berdin traba eta gainetik astintzeko arazo. Etor daitezela gero jaiotza-tasa urriez, demografia arazo larri baino larriagoez eta halakoez hizketan. Zertan daude, bada, mundu modernoko lehentasunak?