Haritz LARRAÑAGA ALTUNA
Munduko txapelketa | Portugal

Medina kalera eta Aritz aurrera Portugalen

Gabriel Medina eta Kelly Slater kaleratuak izan ziren atzo hirugarren errondan.

Portugalen egiten ari diren munduko txapelketak aurrera jarraitu zuen atzo. Hirugarren errondako txandak egin zituzten eta sorpresa asko izan zen.

Gabriel Medina kaleratua izan zen; beraz, aurtengo munduko titulua Portugalen eskuratzeko ametsa Supertuboseko olatuetan lehertu zen.

Bi minuturen faltan Brett Simpson iparramerrikarrak 12,50 puntu bilduak zituen eta Medinak, ostera, 12,06 puntu. Azken unera arte borrokatu ordez, haserre atera zen brasildarra eta aldageletara jo zuen. Medina kaleratuta, hurrengo txandara begira zeuden ikusle guztiak, rankingean bigarren postuan den Slaterrek txapelketa honetan egiten zuenaren arabera gauzak asko alda zitezkeen-eta.

Slater, ordea, Aritz Aranburu zarauztarrak kaleratu zuen eta orain ez dago garbi zer gertatuko den, munduko titulua Pipelinen erabakiko baita.