GARA DONOSTIA

Pirritx, Porrotx eta Marimototsen lau kartoizko ipuin berri idatzi ditu Uxue Alberdik

«Porrotx beldurtuta», «Pirritx umore zakurra», «Marimotots pozik» eta «Pupu eta Lore triste» liburuak idatzi ditu Uxue Alberdik. Nor gara? bildumaren ale berriak dira.

Sentimenduak dira ardatz liburu berriotan. Lau emozio hartu ditu abiapuntutzat Uxue Alberdik horiek idazterakoan: beldurra, amorrua, poza eta tristura. Emozio hauei lotuta ipuin bana idatzi die Porrotx, Pirritx, Marimototsi eta Pupu eta Loreri.

Ipuinak errimatuak dira. «Esaldi motz eta errimatuak idazten ditut. Bertsolaria naizelako agian, haurrek hitz errimatuak txikitatik entzutea gustatzen zait», aitortu zuen atzo.

Poza. Egunsentian esnatu eta alaitasunaren betaurrekoak janzten ditu Marimototsek. Egunero egiten duen ariketa horri esker pozik bizi da. «Kirolaren modukoa da, zuk erabakitzen duzu betaurrekoak jantzi eta pozik egotea; aktiboa da», nabarmendu zuen Alberdik. Loreto Hobeto ama du alboan Marimototsek. Itsu dago eta betaurreko ilunak dituen arren, «gertatu dena beti da hobeto» esaten dio alabari. «Poza barnetik datorren zerbait da».

Beldurra. «Gauean dar-dar... korridore ilunak beldurra dakar» dio «Porrotx beldurtuta» liburuaren goiburuak. Kontakizun honek Pupu eta Lorek gau beltzean logelatik irten eta etxeko pasilloa igarotzeko duten beldurraz dihardu. Ez dira, ordea, beldurtuta dauden bakarrak. Porrotx ere halaxe dago. Adinean aurrera doa eta horrek kezka eragiten dio, mamuak sortzen dizkio.

Amorrua. «Beste zakur batek kendu dio hezurra eta haserretu egin da lagun zakurra. A ze beldurra!», dio «Pirritx umore zakurra» ipuinaren goiburuak. «Txakurrak bezalakoak gara denok, `pozean kosta, amorruan koska' esaten da», kontatu zuen atzo Uxue Alberdik.

«Denok dugu haserre egoteko eskubidea -jarraitu zuen-. Haserre gaudenean maitatuak izateko eskubidea ere badugu, baita haserre egon arren guk besteok maitatzekoa ere».

Tristura. «Pupu eta Lore triste» ipuinean protagonistak atsekabetuta daude, amona Josefina hil egin baita. «Heriotzak sortutako tristurari eta dolu prozesuari buruzkoa da», azaldu zuen idazleak. Tristurak, hala ere, pozari egiten dio lekua. «Pupu negarrez ari denean loreontzi batera eroriko dira malkoak. Han ihartutako lorea dago. Malkoei esker lore berriak jaioko dira».

Lau liburuez gain, «Ongietorri, Pupu eta Lore» eta «Bizipoza» ikuskizunek liburura egin dute salto.