GARA GASTEIZ

Garoñako zentralaren jarduera gelditzeari uko egin dio Auzitegi Gorenak

Madrilgo Auzitegi Gorenak atzera bota du Arabako Batzar Nagusien helegitea, zeinetan Garoñaren jarduera gelditzea eskatzen zuen kautelazko neurri gisa. Nuclenorren interesak defendatzea leporatu dio EH Bilduk.

Auzitegi Gorenak ez du, Arabako Batzar Nagusiek eskatu bezala, Garoñako zentral nuklearraren jarduera bertan behera gelditzea onartu. Bere epaian herritarrek «bidezko baldintzetan elektrizitatez hornitzeko duten eskubidea» babestu du. Azaldu duenez, «kanpoko energiaren mendekotasunaren eta tarifen defizit handiaren aurrean» Gobernu espainolak ezin dio energia iturri bati ere uko egin.

Sententzia honek joan den uztailean aurkeztutako eskaera bati erantzuten dio. Aurretik, Arabako Batzar Nagusiek beste errekurtso bat aurkeztu zuten Garoña berriz irekitzea ahalbidetzen duen Errege Dekretuaren kontra. Epaileak ez du honen inguruko ebazpenik eman oraindik. Hain zuzen, atzera botatako bigarren helegiteak kautelazko neurri gisa zentralaren jarduera gelditzea eskatzen zuen, lehenbiziko errekurtsoari erantzuna eman bitartean.

Nuclenorrek, bere aldetik, irail amaieran aurkeztu zion CSN Espainiako Segurtasun Nuklearraren Kontseiluari Garoña berriro irekitzeko dokumentazio osoa. Erabakia CSNren esku dago.

Auzitegi Gorenaren erabakiaren aitzinean, lehenbiziko erreakzioa EH Bildurena izan zen. Honek tamalgarria iritzi zion «botere politikoa bezala, judiziala ere elektrizitate enpresen interesekin lerratzeari, Garoñaren ondoan bizi den jendearen segurtasuna eta osasuna alde batera utzita». Koalizio abertzalearen arabera, auzitegi espainiarrek duten jarrera ikusita, kaleko presioa izanen da Iberdrolari eta Endesari zentral nuklear hau berriz martxan jartzea ez dela errentagarria ulertaraziko diena.

Irekitzearen ondorioak

EH Bilduren ustez, arduragabekeria da kautelazko neurri hauek ezartzeak ez lukeela konponbiderik izanen baieztatzea, «oraindik zailagoa» izanen bailitzateke zentrala berriz irekitzearen ondorioak konpontzea.

Madrilgo Auzitegi Gorenaren sententziaren mamian sartuta, koalizioak ohartarazi du «errealitatearekin zerikusirik ez duten balorazio subjektiboz» osatuta dagoela. Adibidez, epaiak ondorioztatzen du Gobernu espainiarrak ezin diola utzi energia iturri bat ere erabiltzeari eta herritarrek elektrizitatez hornitzeko duten eskubidea gailendu behar dela. Baina, koalizioak esplikatu duenez, «horniketa ia bi urte sare elektrikotik deskonektatuta daraman zentral nuklear zaharkitu eta arriskutsu baten mende dagoela pentsatzea faltsua dela frogatuta dagoen argudio bat erabiltzea da». Gainera, ohartarazi duenez, arrazoi bera erabiltzen du Nuclenorrek.