Xabier Izaga
Kazetaria
IKUSMIRA

Helburu politikoa du, bai, Euskararen Legeak bezala

Bat nator Yolanda Barcinak Nafarroako Euskararen Legea aldatzeko proposamena dela-eta esandakoekin. Aldaketa horrek helburu politikoa omen du. Omen, ez: aldaketa eskas horren helburua politikoa da bete-betean. Nafarroan indarrean dagoen Euskararen Legeak helburu politikoa duen bezalaxe. Ez da ulertzen zaila. Indar politikoek beste indar politiko batzuen helburu politikoen aurka abiatutako ekimenek politikoak behar dute ezinbestean. Politikoa izan zen, esate baterako, 1980an Nafarroako Parlamentuak euskara herrialde osoan ofiziala izan zedin onartu zuen ebazpenari indar unionistek muzin egin eta Nafarroa hiru eremutan banatu izana.

Barcinak dio helburu politiko hori Nafarroaren errealitate instituzionala aldatzean datzala. Aldaketa urri horrek, ordea, ez du egoera instituzionalik aldatuko.

Presidente andreak, halaber, uste du errealitate instituzional hori hizkuntza baten bidez aldatu nahi dutela. Asko daki Barcinaren alderdiak horretaz, hizkuntzaren bidez errealitate instituzionala ez ezik, errealitate kultural, soziologiko eta psikologikoa ere aldatzeaz, hain zuzen. Badakite Antonio de Nebrijaren berri, eta zer zioen hark Nafarroaren konkistaren garaitsuan bere gramatikaren hitzaurrean: «hizkuntza beti izan da inperioaren lagun». Izan ere, zaharra da errealitate instituzional hori, eta zaharkitua, Jose Iribasek zenbait liburu erretiratzeraino errespetatu eta gurtzen duen arren.

Ez zaitezela kezkatu, baina, andrea. D eredua ez da gaztelaniaren aurkako tresna. Zatoz eredu hori nagusi den leku askotara eta ikusiko duzu zein trebeak diren gure gazteak Nebrijaren eta zure hizkuntzan.

Ez nintzateke harrituko Barcinak halako batean esango baligu nafarrek hauteskunde bidez errealitate instituzionala aldatu nahi dutela. Badakit, Yolanda, ez duzula esan, oraingoz. Nolanahi ere, onartezina izango litzateke horren gogoko duzun errealitate hori aldatzea, baietz?