Lander Garro
Idazlea
AZKEN PUNTUA

Alabaren azken keinua

Parke batean ikusten zuten elkar aitak eta alabak, keinuaren garrantziaz ohartzen ez zen jendearen aurrean, beti toki jendetsuetan, armadako kideak agertzen baziren ez zitzaten betiko desagerrarazi. Hilda esaten zion aitak alabari, hura zen bere sasietako izena, Argentinako diktadura borrokatzeko erabiltzen zuena. Hilabeteak ematen zituzten, ordea, elkarren berririk gabe, ozta eskuz esku ibilitako ohar arriskutsu bat, gaueko ordu txikietan iristen zena: «Ongi nago, aita. Zaindu etxekoak. Maite zaitut». Bizimodu arruntari lotzen zitzaion ostera Rodolfo aita, alaba edozein unetan bahiturik edo hilik eror zitekeela jakiteak uzten zion neurri estuan. Kazetari egiten zuen lan; bizitzaren paradoxak, egunero ikaraz zabaltzen baitzuen egunkaria, alabaren erretratu zuri-beltzekoa aurkitzeko ikaraz. Bizitza eta izua, egia eta ikara, askatasuna eta kateak: dena zen kazetaritza Rodolfo Walshentzat. Oso tarteka, ohar bat, zita bat, eta hamar minutuko enkontrua. Ahalik eta publikoena, seguruena, izan zedin. Azkena iritsi zen arte. Gau batez, Videlaren armadak Hildaren ezkutalekua aurkitu zuen. Hildak nahiago izan zuen azken bala arte borrokatu. Eta, teilatutik, kargadorea hustu arte tiro egin zien milikoei. Gero, isiltasuna. Beti pentsatu izan dut nola oroituko ote zuen aitak alabaren azken begirada, azken keinua, azken agurra. Joandako keinu bizi haiek, heriotzaren kontraste espantagarrian. Nola esnatuko zuten akordu haiek gauaren erdian, egia eta ametsa ezberdindu ezin diren tenore arantzaz betean. Hain izan zen gogorra oroimena, aitak urte eskas bat iraun baitzuen bizirik: Videlaren zaku amaigabean beretzat ere bazen zoko umel bat. Baina parkeko irudi hura da niri begietan iltzatuta geratu zaidana. Aitak alaba joaten ikusi zuen une hura. Eta, nago, ez ote den Nagore Mujikak aste honetan bere alaba joaten ikustean sentitu duenaren oso antzekoa. Besamotzaren min osinez betea.