Xole ARAMENDI DONOSTIA

Marilyn gogoan, bere lanik pertsonalena dakar Tejadak

Atzera egin eta 40. eta 50. urteetara jo du Gonzalo Tejadak. Marilyn Monroeren eta haren garaiko musika gogoan, Norma Jane Bakerren bila aritu da. Zinema klasikoaren zale sutsua, diskoa baino filma da musikari donostiarraren azken sormen lana.

Nostalgia dario Gonzalo Tejadaren azken lanari. Joan eta itzuliko ez den garai batekiko nostalgia. Musika doinuekin batera 40. eta 50. urteetako giroa islatzea bilatu du diskoan. Eta entzuleak bere horretan jasotzea nahi du. «Nostalgia, galera eta maitasun gabezia presente daude diskoan, nahiz eta alaitasun printzak eta umorea ere badauden», argitu zuen atzo.

Marilyn Monroe izan du inspirazio iturri musikariak. Zinema klasikoaren zale sutsua, orduak eman ditu ilehoria pantaila handian ikusten. Baina diskoa egiterakoan Hollywoodeko izarraren atzean ezkutatzen zen Norma Jeane Bakerren bila aritu da. «Emakume bezala ez zuen nire arreta bereganatzen baina gauza asko pizten ditu nigan. Benetako misterioa da niretzat. Azkenean deskubritu dut. Berarengandik erakartzen nauena zera da, maitatua izan nahi zuela, eta interpretazio bakoitzean horren bila zebilela», argitu zuen.

Marilyn bere erreferentziazko aktorea ez dela aitortu ondoren diskoaren zergatia azaldu zuen: «`There's no business like show business' filmean `After You Get What You Want' kantua entzun eta garbi ikusi nuen omenaldia eskaini behar niela hain gustuko ditudan piezei».

Omenaldi bezala hasi zen diskoa Tejadaren lan pertsonalena bilakatu da. «Marilynekin baino nirekin du lotura diskoak. Izan ere, nire biografia emozionala da», azaldu zuen.

«Diamonds are a girl's best friend», «A Fine Romance» eta «My Heart Belongs to Daddy» bezalako abestien moldaketa prestatu du Tejadak. Zortzi kantuetatik sei Marilynen filmetan entzun daitezke. Azken biak, «Marilynrhythm» eta «Norma Jean Baker» bere sormen lanak dira.

«Ohoretzat» jo zuen atzoko aurkezpenean Zarrak, Gaztelupeko Hotsak diskoetxeko arduradunak, Tejadaren lana kaleratu izana. «Sendoa eta fina» da Gonzalo Tejadaren lana, bere esanetan. Ez da ekoizpen handikoa donostiar musikaria. Ia 30 urteko ibilbidea du atzean eta laugarren diskoa du «Norma Jean Baker». 2006. urtean kaleratu zuen azkena kontrabaxuak.

Mikel Andueza (saxoak, klarinetea) Roger Mas (piano) eta Iago Fernandez (bateria) izan ditu bidaide. Pozarren agertu zen alboan izatearekin. Anduezaren lirismoa, Masen sakontasuna eta Fernandezen maisutasuna eta heldutasuna nabarmendu zituen.

String Chamber Orchestra ere entzun daiteke diskoan. Lan instrumentala egin du. «Marilynen ahotsa ezin da ordezkatu eta beste bide batzuetatik iritsi nahi izan nuen berarengana», azaldu zuen. String Chamber orkestrako harizko musika tresnek ordezkatu dute ahotsa. Beasaingo Pottoka estudioetan eta Euskadiko Orkestraren egoitzan grabatu da diskoa.

Gaztelupeko Hotsak diskoetxeak proiektu berria du esku artean. Izan ere, urte bukaerarako Errabal Jazz webgune independentea izango da martxan. Euskaraz izango da, nahiz gaztelerara eta ingelesera itzuliko diren testuak.

Hasi eta buka entzuteko diskoa

Bere osotasunean ulertzen du disko berria musikariak. «Abestien ordenatik hasi eta instrumentazioaren aukeraketaraino jarraituz -orkestra, hirukotea edo laukotea entzun daitezke, piezen arabera-, dena da bere osotasunean», nabarmendu zuen.

Hasi eta buka entzuteko lana da Tejadaren esanetan, «filma bezala sortu dudalako, diskoa baino gehiago. 55 minutu baino gehiago ez luzatzen kontu handia izan dut», adierazi zuen.

Ekoizpenari dagokionez, harro dago kaleratutako emaitzaz. «Aurreko hiru lanetan jazz konprometitua landu nuen eta publiko zabalarentzat zailak izan zitezkeen. Hau entzuleria zabalak entzun dezake», esan zuen.

Gaztelupeko Hotsak diskoetxeko kideen aldetik jaso duen babesa azpimarratu zuen. Bere proiektuaz harago, bereziki Errabal zigilua egiten ari den lana goraipatu zuen. «Burututako edizio lana sekulakoa da. Hemendik hogei urtera Errabal zigilua ikertuko dute jazz historiagileek, ez dut zalantzarik. Gutxi dira hain edizio zainduak egiten dituzten etxeak», adierazi zuen. X.A.