Arantza Santesteban
Historialaria
JO PUNTUA

«Matxoalfakeria» eta digestioa egin beharra

Inori ez zaio eskapatzen «matxoalfa» ez izatea ez dela soilik borondate kontua. Norberaren pribilegioak arakatu, mastekatu, ahal dena bota eta gainerakoarekin digestio pisutsua egitea dela kontua. Nonbaitetik hastearren bederen

No soy imprescindible, soy un militante, no un macho alfa». Halaxe mintzatu da Pablo Iglesias txalorik gabeko publikoaren aurrean joan den asteburuan, Podemosen azken biltzarrean. Izenordain bakar batez eta hiru izenondoz lagundutako esaldi kategorikoak zer pentsatua ematen du, zuzen baino zuzenagoa delako batetik, eta pulpituari helduta, estetika zein jarrera guztiz maskulinoan formulatua dagoelako bestetik.

Horrela hartuta, emango luke orokorrean militante izateak matxoalfa-ren kategoria baliogabetzen duela ezinbestean. Eta bai eta bai. Baina inori ez zaio eskapatzen matxoalfa ez izatea ez dela soilik borondate kontua. Norberaren pribilegioak arakatu, mastekatu, ahal dena bota eta gainerakoarekin digestio pisutsua egitea dela kontua. Nonbaitetik hastearren bederen.

Esaldiak Judith Butlerren «Marcos de guerra. Vidas lloradas» testua jirabiraka dabilkidala harrapatu nau. Interesgarria gurean gertatzen diren horrelako kontraesanak ulertzeko. Egile horrek dio gizarte gatazkatsuetan -zer dira sistema garaikideak, gatazkatsuak ez badira?- bereizketa argi bat gertatzen dela interakzioan dauden protagonista sozialen artean.

Alde batetik, gatazkaren logikan enfrentamenduaren pisua gainean daramatenak egongo lirateke; eszena publiko-pribilegiatuan, lehen lerroan daudenak. Gurean, gizon txuriak.

Eta, beste alde batetik, protagonista hauen bizitzaren jasangarritasuna bermatu behar dutenak. Gainerako guztiak, hain militanteak ez omen direnak. Politikagintzan ere gerraren epika da nagusi. Eta epikaren ikur, matxoalfakeria-rekin zerikusia duten balore gehiegi, zoritxarrez. Lidergo gaizki ulertua, agintea, sendotasuna, ahuleziarik ez adieraztea eta oratoria aski maskulinoa.

Hori da gaur egun politikagintzan lehenetsita dagoen irudia. Hartara, beste eredu zein formatu ezberdin batzuei lekurik egiten ez zaien bitartean, halako esaldiak ezkerreko ekipoen ahotan entzuteak statu quo-aren zilegiztatzea baino ez dakar.

Has gaitezen gizon edo txuri izateagatik ditugun pribilegioen araberako diskurtso zintzoak egiten eta gero egongo da aukerarik zer garen eta zer ez garen adierazteko.