GARA

Inguma datu base berritua aurkeztu du UEUk ikasturte berriaren irekieran

Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) ikasturtearen irekiera ekitaldia egin zuen atzo, Bilboko Alondegian, eta bertan, Inguma datu base berritua aurkeztu zuen. Izan ere, «komunitate zientifiko euskaldun indartsu bat» izateko asmoz, goi mailako euskarazko produkzioa eta egile euskaldunak ezagutaraztea helburutzat duen egitasmoa ahozko eta idatzizko produkzioaren datuak barneratzen joan da urtez urte, eta egun, 36.400 erreferentzia ditu, baina «bertan ez dauden lanak ere badira eta horiek biltzen jarraitu nahi du UEUk ezagutzera emateko asmoz», azaldu zuten.

EHUrekin lankidetzan hasitako hiru graduondoak (Hondakinen Kudeaketa eta Tratamendua, Itzulpengintza eta Teknologia eta Agroekologia» nabarmentzeaz gain, maiatzean egingo duten «Ikergazte» kongresua iragarri zuten, ikerlari gazteen «ikusgarritasuna areagotzeko» eta beraien arteko ezagutza lantzeko.