GARA DONOSTIA

Irakaskuntza publiko, doako, duin eta euskaldunaren aldeko greba egin dute ikasleek

Ikasle Sindikatuak antolatuta, hiru eguneko greba egin dute Hego Euskal Herriko ikastetxeetan. Helburua «irakaskuntza publikoarekin amaitu nahi duen Gobernu eskuindar espainolistari aurre egiteko erabakia eta borondatea» erakustea izan da, baita EAJ, UPN eta PSOEren jarrera kritikatzea ere, «praktikan irakaskuntzaren pribatizazioaren alde» gobernatu eta legeak egiten dituztelako, PPrekin akordioetara iritsiz.

Estatu mailako greba izan da atzo bukatutakoa eta sindikatu honek Gasteizen duen ordezkaritzako kide batek, Belen Galvanek, atzo agentziei azaldu zien bezala, parte-hartzea txikiagoa izan da Araba, Bizkai eta Gipuzkoan ez direlako elkarteak batu. Adibidez, Ikasle Abertzaleek ez zuten grebarik egin.

Galvanek emandako datuen arabera, EAEko ikastetxeetan %70eko jarraipena izan du deialdiak. «Asteazkenean, 5.000 pertsonak parte hartu zuten Gasteizko manifestazioan, 15.000k Bilbon eta 3.000k Donostian».

CCOO eta FETE-UGTren elkarretaratzeetan ez zen jende sobera bildu. Gasteizen, 50 bat pertsona batu zirela agertu zuten agentziek. Bilbon dozenaka batzuk izan ziren Lomceri eta PPren eta EAJren «etengabeko murrizketei» ezetz esan zietenak. Bizkaiko Ikasleen Sindikatuko Andoni Valcuendek deialdiaren «arrakasta» baieztatu zuen, greba eta mobilizazioak kontuan hartuta «11.000 ikaslek» parte hartu baitute.

Nafarroako Hezkuntza Sailak jakinarazi zuenez, DBH3 eta 4, Batxilergo eta Lanbide Heziketako ikasleen artean %3,86ko jarraipena besterik ez zuen izan grebak. CCOOk UPNk Lomcerekin «baldintzarik gabe» bat egin duela salatu zuen. Eta Parlamentuan, Aralar-NaBaik «kea saltzea» leporatu zion Iribasi eta honek ukatu egin zuen egokitzapenak kea direla.