Gotzon Elizburu
Kazetaria
JO PUNTUA

Zeren zain?

EAJ gabe ezin dugu aurrera egin, baina EAJrekin ez goaz inora» dilema latza bota zuen norbaitek. Ordutik, beti kexaka. Amodio-gorrotozko harreman baten gisan, elkarri mokoka beti, borroka armatua dela, saldukeria dela. Orain hegemoniaren borroka ei da aitzakia. Eta ez dut ukatuko hala denik, noski.

Okerrena da aipatutako harreman gatazkatsu horren ondorioz, etengabe menpekotasuna erakusten dugula. Agenda propioa markatu ezina pixkanaka aurrera egiteko gure kabuz. Arazoa gurea da, noski, ez EAJrena. Horiek ez dute katamaloa aldatzeko arazorik, zentralitatearen ideiarekin maisutasunez jokatuz. Zenbat dugun guk joko politiko horretatik ikasteko, Edu Apodakak «Berria»-n zioen gisan: «Errezeta orokorrak zatitu, ideia mugiezinak malgutu, egikeran pragmatiko jokatu eta, batez ere, kasuan kasuko ezaugarriak, baldintzak eta aukerak baliatu...». Hau da erronka: taktika politiko horiek eraldaketaren norabidean nola baliatu.

Kontraesan etengabe horretan bizi gara eta hala iritsi zaigu erabakitzeko eskubidearen kurtso politikoa deitu diogun hau. Ez arrazoirik gabe. Baina berriz ere harrapatuta gauden egonezin sentsazioarekin. Berriro EAJk Estatuaren eskuari uko eginda, aldebakarreko bideari noiz helduko zain. Ondo dakigunean hori ez duela gaur-gaurkoz egingo, EAJ egonkortasunari eta statu quo-ari eustearen zale baita. Piano-piano.

Abertzaleon batasuna totem bilakatu zaigu. Inkesta guztiek diote abertzale gehienek hori nahi dutela eta blablabla. Baina ezker abertzaleak ez al du besterik eskaintzeko? Orain EH Bildu fronte zabal bilakatzeko apustuari ekin diogu. Herri sektore zapalduen erreferente izan litekeen proiektu sozial bat dugu, erakargarria eta 78ko erregimenarekiko haustura planteatzen duena gainera.

Abertzaleen batasunaren zain egon gabe, subjektu independentista artikulatzeko baldintza ikaragarriak ditugu. Hamaika dira estatu zapaltzaileen egiturazko krisiak nazkatu eta prekarizatutako herri sektoreak. Gure proiektuak ez al du horientzat soluzio praktikoa eskaintzen? Erabakitzeko eskubidea demokrazian eta herritarren ahalduntzean sakontzeko tresna da eremu guztietan.

Testuinguru honetan, borroka sozialen bidez subjektu independentista berriak artikulatzeko parada dugu. Demokrazia eta herri sektoreen ongizaterako politikak bermatuko dituen sistemaren ideiak ideia irabazleak dira. Landu dezagun behar bezala independentismoa eta etorriko dira abertzaleak. EAJren eskuari uko egin gabe, baina haren zain egon gabe, herri ikuspegiarekin.