GARA

Babes zabala poliziaz mehatxatua den Ziburuko ikastolari

Isuna ordainaraztearekin eta haurrei argindarra eta berogailua kentzearekin aski ez eta bertze mehatxu bat ailegatu zaio Ziburuko ikastolari. Berehala husteko agindua eman dio auzapezak uxerraren bidez eta hala egiten ez badu jendarmeak bidaliko dituela abisatu du. Erasoen aitzinean, babes zabala du Kaskarotenea ikastolak eta horren irudia izan da Durangoko Landako gunea. Ikastolen komunitateak azaroaren 8ko manifestazioan parte hartzera dei egin du.

Durangon egindako agerraldi jendetsu baten bidez adierazi zion atzo babesa ikastolen komunitateak Kaskaroteneari. Zuzendari, irakasle, guraso, ikasle... Dozenaka ordezkari elkartu ziren Landako gunean, eta azaroaren 8rako Ziburun antolatu den manifestaziora animatu zuten jendea. «Ikastolak ez hunki» leloa izanen du martxak. Herriko Plazatik abiatuko da 16.00etan.

Bertan Kaskaroteneako komunitateak, Seaskak eta Euskal Herriko ikastolek garbi utziko dute erasoak eraso ikastolak Ziburun jarraituko duela.

Durangoko agerraldian, Laida Mujika Kaskaroteneako lehendakariak azken berriak eman zituen. Jakina zen duela egun batzuk uxerrak orain arte pilatutako isunak ordaintzeko agindua eman ziola ikastolari. Orain, bertze bisita bat izan dute: Guy Poulou Ziburuko alkateak ikastola husteko agindua eman die, bestela jendarmeak bidaliko dituela erranez.

Horren aurrean, are beharrezkoagotzat jotzen dute manifestazioan argi eta ozen adieraztea auzapezari ikastolek ez dutela onartuko halako eraso eta mehatxurik. Era berean, dei egin diote, ikastolak berak eskatu bezala, mahai baten inguruan eseri eta auzia konpontzeko.

Polizia umeak kanporatzeko

Mujikak eta Paxkal Indo Seaskako lehendakariak gertaeren xehetasunak eman zituzten: joan den ostegunean auzapezaren aginduz, uxerra Kaskarotenean izan zen, abuztuaren 29ko Paueko administrazio epailearen erabakia bete ez dela eta ikastolak bertan segitzen duela baieztatzeko. Biharamunean, uxerra Baigorrin izan zen Indoren etxean eta 4.370 euroko faktura bat aurkeztu zion. Zortzi eguneko epean ordaintzeko agindu zion, gainerakoan zuzenean Seaskaren kontutik hartu edo ondasunak bahitzeko ahalmena duela jakinarazi zion.

«Sinestezina dirudi, baina 2 eta 4 urte bitarteko haurra, heien andereñoa eta laguntzailea kanporatzeko polizia erabiltzeko prest da Guy Poulou auzapeza», salatu zuten. Seaskak dei egin zien ziburutarrei, euskal gizarteari eta Euskal Herriko agintariei, «ankerkeria galeraz dezaten». Polizien arduradun den prefetarengana ere zuzendu zen, halako kanporaketa bat baimentzeagatik, jakinez auzapezak arrazoi garbirik gabe eragotzi nahi diela Zokoako Jules Ferry eskolan kokatzeko aukera.

Kaskaroteneari hatsa emateko deia herritarrei

Kaskaroteneako lehendakariarekin eta Seaskako ordezkariekin batera izan ziren Durangoko Landakon Euskal Herriko ikastoletako dozenaka zuzendari, irakasle, guraso eta ikasle. Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko lehendakaria izan zen bozeramaile, eta lehenik eta behin, Ziburuko ikastolarekiko Herriko Etxeak eta, bereziki, auzapezak erakutsitako jokabidea salatu zuen. «Ikastolak eta Seaskak auzi honi irtenbidea emateko eskaerari ezetza eman eta, gainera, orain muturreko neurriak hartu ditu, indarkeria mehatxu eta guzti. Jokabide horrek ez du lekurik ziburutar ororen agintari baina zerbitzari ere izan behar duen auzapez baten eginkizunetan».

Era berean, «ikastola guztien elkartasun eta babes osoa» azaldu zioten Kaskaroteneari, eta auzapeza ez dela bere aurka soilik ari, Seaskaren eta ikastolen mugimendu osoaren kontra ari dela ohartarazi zuen. «Euskaraz bizi nahi duen herri bati» egiten zaion erasoa ere badela azpimarratu zuen. Horregatik, «erakunde, alderdi eta gainotzeko eragileek ere badute erantzukizuna». Bukatzeko, euskal gizarteari egin zion deia, ikastola honi «hatsa» emateko. GARA