Iurre BIDEGAIN

Zuberoan 122 baserri galdu dira hamar urtean, batik bat eskualdatzeko arazoengatik

Hamar urtean 2.204 hektarea galdu dira (%9), batez ere baserritar berriek ez dutelako etxaldeetako jarduera jarraitzen. Egoeraren larritasunaz jabetuta, Herri Elkargoak neurriak hartu ditu gazteak lanbide berrira bultzatzeko.

Laborantza krisian da Zuberoan. Gaur egun, gero eta gazte gutxiagok segitu nahi du lanbidea eta horregatik, laborari anitzek beren etxaldeak uzten dituzte. 2000etik 2010era, 122 etxalde hots, %14 galdu da eta horrek laborantzari lotutako 467 lanposturen galera ere eragin du.

Baserri eremuko ofizioak bizi duen beheraldia arrazoi anitzengatik gauzatu da. Mixel Etxebeste Mauleko auzapezak azaldu duenez, «erretreta hartzen duten laborariek, anitzetan beren lurraldeak auzokideei uzten dizkiete eta etxaldea saldu nahi dute». Bestalde, ofizioaren transmisioan ere arazoa dago, «belaunaldi berriek ez dutelako laborari izan nahi».

Egoera horri aurre egiteko, Zuberoako Herri Elkargoak gogoeta sakona abiarazi du neurri zehatzak plantan ezarriz. Ildo horretan, Etxebarrenen eta Sarrikotapean bi etxalde erosi ditu laborari berrien esku uzteko era horretan ofizioa ezagutzeko parada izan dezaten.

Ekimenaren helburu nagusia «herria laborarien behar sozialaz ohartaraztea» da eta, bide batez, «laborari berriei mintegi bat proposatzea» lanbidearen transmisioa bultzatzeko.

Saiakera berria

Etxebarreneko etxaldeak hiru hektarea lur ditu. «Etxalde tipia izaki ere, egokia da baratzea egiteko adibidez. Seguruenik arrakasta izanen du», gehitu du Herri Elkargoan ekonomiaz arduratzen den Etxebestek.

Sarrikotapekoak, berriz, 26 hektarea ditu eta baita arditegia eta etxebizitza ere. «Esperimentu gisa abiatu den ekimen honetan parte hartzera animatuko diren laborari berriek hiru edo lau urterako etxaldea erabiltzeko aukera izanen dute. Horrela, laboraria hezi, trebatu eta ondoren bere baitarik etxalde bat kudeatzeko kapazitateak lortzen ahalko ditu».