Xole ARAMENDI

Aurrez egindako bidean sakontzeko asmotan da espazio berrian Kaxilda

Kokaleku berrian, Donostiako Arroka kaleko 2.an, ireki ditu ateak Kaxildak. 15o metro karratuko solairuak liburu-denda, kafetegi eta jatetxeari egin die tokia. Liburuen bidez hiriaren eraldaketa sozial, kultural eta politikoan parte hartu nahi dute. Auzotarrek eta bisitariek espazio berria beren egin dezaten irrikaz daude Kaxildako kideak.

Mahaiaren inguruan eseri eta hitz-aspertuan aritzera gonbidatzen du espazio berriak; liburuen artean galtzera; bakarkako lanera, irakurketara, debatera, elkar topatzera... Laster aurkituko du nork bere txokoa. Horixe nahi dute kideek, inguratzen direnek beren egin dezatela Kaxilda.

Pozarren daude, azken urteotan hainbat kokagune aldaketa izan ondoren. Amara Zaharreko frontoi txikia dute aurrez aurre. Bere hormak ikusten dira leiho handiaren bestaldean. Lagun zaharrak eta bisitari berriak sartu-irtenean dabiltza, kuriositatea asez.

Orain arte bezala, jakin-minez eta ja(ki)n-minez datoz Kaxildakoak. Dario Malventi, Esteban Zamora, Josean Arriola, Lidia Montesinos eta Karmen Sobejano dira kideak.

Aurreko bideari heldu bakarrik ez, horretan sendotzeko nahia agertu dute. «Liburudendak jokatzen duen rol sozialari lotuta ere badago bertako sorkuntza, autoedizioa, ekoizpen alternatibo eta independentea sustatzea. Baita pentsamendu espazioak sortzea ere, eraldaketa soziala ahalbidetuko dute diskurtsoak eta akzioak bultzatuz», diote.

Garbi dute: liburuak ez du gaurkotasunik galdu. «Jakintzaren transmisiorako bidea ematen du. Era honetako espazio berriak irekitzeak liburuek pertsonen eguneroko bizitzan duten garrantzia adierazten du», nabarmendu du Esteban Zamorak.

Esparru politiko zein soziala dute ardatz bertan aurki daitezkeen liburuek, baina baita sormen artistikoa ere. «Elkargune horretan kokatu gara gu, bi mundu horien artean egon daitekeen distantzia txikitu nahi dugu», adierazi du.

Mundu berriei leihoak ireki nahi dizkie Kaxildak. «Mundu berrietara irekitzea plurala izateari lotuta dago. Horregatik, ez dugu pentsamendu lerro jakin bat proposatzen, jakinduria zabaldu nahi dugu: feminismoek, pluralean, edo marxismoek, pluralean, lekua dute gurean», kontatu du Zamorak.

«Jendartean aldaketak eragin ditzaketen pertsonek lehenengo euren formakuntza prozesua burutzen dute, ondoren kolektibotasunean jartzeko. Guk formakuntza horretan parte hartu behar dugu», esan du.

Liburu eskaintza zabalagoa dakarte. «Artea eta kontrakultura bezalako alorretan gehiago sakondu dugu, kasu askotan, bezeroek eurek hala bultzatuta», azaldu du Josean Arriolak. Bidea ibilian egiten da eta Kaxildako kideek eurek ere izan dute ikasbiderik orain arteko bidean. Liburu-saltzaile ofizioa ezagutu dute, oso gustukoa izanik mimo handiz egin nahi dutena.

Kaxilda eta auzoa eskutik helduta doaz. «Ehun soziala josterakoan derrigorrezkoa da hurbilenen daukagunetik hastea», esan du Zamorak. Amara Zaharreko bizilagunen aldetik jaso duten erantzunarekin gustura daude. «Harrera ona izan dugu, berotasuna agertu digute, eta bizilagun elkarteekin batera ari gara lanean auzoan», adierazi dute.

Orain arte bezala elkargunerako tokia izango da Kaxilda eta hainbat kultur ekimen hartuko ditu Arroka kaleko guneak. «Antolatzen ditugun ekitaldiek -aurkezpenak, debateak...- benetan hirian eragina izan dezaten nahi dugu», azpimarratu dute.

Euskal Herriko liburu-denda politikoekin elkarlanean aritu dira eta harremana sendotzeko asmoa dute. Horrez gain, espainiar Estatukoekin sarea sortzekotan dira.

Bidean aurrera doaz, etiketen gainetik. «Liburu-denda anarkista bezala izendatu gaituzte, liburu-denda autonomo bezala ere bai, baina ez gatoz horrekin bat. Ezta kultur etxearen beharrak asetzera datorren espazioaren ideiarekin ere. Garrantzitsua da zer izan nahi ez dugun jakitea. Izango garena bideak esango du», adierazi dute Kaxildako kideek.

Kafetegiaren eta jatetxearen kudeaketa ere bertako kideen esku

Kaxilda kudeaketa eredu berriarekin dator. Berrikuntza nagusia ostalaritza arloak dakar, Kaxildako kideek euren gain hartu baitute kafetegiaren eta jatetxearen eguneroko martxa.

Kaxildako sukaldean dena prest dago inguratzen direnei jaki goxoak eskaintzeko. Astelehenetik ostiralera menua eskainiko da eguerdian, baita eguneko platera ere, aukeran. Ostegunetan pintxo-potea egingo dute. Ostiral eta larunbatetan jatetxea zabalik izango da gauez ere.

Kaxildaren filosofiarekin bat eginda, bertako ekoizleez hornitzea da asmoa. Bereziki barazkiak eta haragia zein arraina. «Ekoizleekiko hurbiltasuna dugu helburu, eta horrekin batera ekoizpen ereduari ere erreparatuko diogu, nola ez», argitu du Arriolak. Produktu ekologikoak mahairatuko dituzte.

Gipuzkoako hazien sarearekin eta Uztaro kooperatibarekin elkarlanean arituko dira. Nekazaritza ekologikoaren gaineko informazioa ere eskaintzekoak dira liburu-dendan. X.A.