Maider IANTZI

Autobide elektrikoaren aurkako marea gorriak agintariei egin die dei

Iruñerri, Sakana, Lizarralde eta Goierriko jendea Nafarroako eta Lakuako gobernuengana zuzendu zen, «biek egiten dutelako gauza bera, belarriak tapatu». Donostian osatutako marea gorriarekin, isiltasuna puskatu zuten. Gipuzkoako Foru Aldundiari ere dei egin zioten, autopista elektrikoaren «kontra azaldu bai baina ez delako dituen tresnak erabiltzen ari». Herritarrek aurka daudela erakutsi dutela eta orain politikariek mugitu behar dutela adierazi zuten.

33 udalerriren ordezkari, Lizarralde, Iruñerri, Sakana eta Goierriko jendea bildu zen Donostian goi tentsioko linearen aurkako manifestua aurkezteko. Dokumentu hori 200 kolektibo eta 200 hautetsik baino gehiagok sinatu dute, indar politiko guztietakoek.

Arropa gorria jantzita hurbildu zen Donostiara familia, bikotekide eta lagun talde ugari, marea gorria osatzeko asmoz. Hala, aldarrikapena ikusgarri egin eta instituzioei proiektua gelditzeko mugi daitezela eskatu zieten.

Donostiako udaletxearen parean elkartu ziren, bakoitza kartel batekin, defendatu nahi duen herriaren edo dorrearen izenarekin. Ezkio-Itsasotik Deikaztelura 247 dorrerekin osatu nahi du Red Electrica de Españak 400.000 voltioko autopista elektrikoa, eta sinbolikoki 247 pertsonak dorre bana hartu dute. 247 lurkideak dira. Han ikus zitekeen, «autopista elektrikorik ez» etengabeko oihuen artean hainbat herri, kontzeju eta dorre izen: Oteitza, Zirauki, Muru Astrain, Segura, Larraia, 66. dorrea... «Herriak maite ditugulako, defendemos lo que amamos» zen deialdiaren lema.

Bertsotan hasi zuten ekitaldia, «kapitaletik ezezkoaren aldarri» eginez eta «segiko dugu egurra ematen, sekula santan ez segitzeko nahi duten dena egiten» baieztatuz. Gero, Mutiloako alkatea, Iñaki Ugalde, Deikaztelukoa, Inma Hermoso, Doniantsu Mendioroz Muruastraingo herritarra eta Pablo Lorente, lurkideen bertze ordezkari bat, igo ziren taulara Friasekin batera.

«Red Electrica de España enpresak proiektua aurkeztu eta hiru urteren buruan Estatuko administrazioak gaia bideratzen jarraitzen du, herritar gehienen borondatearen aurka eginez», adierazi zuten. Eta Nafarroako eta Lakuako gobernuek ez dietela herritarren aldarrikapenei erantzun salatu zuten.

Gero eta biziago

Hiru urteotan gero eta biziagoa izan da proiektuaren kontrako aldarrikapena: 2011ko abenduan 470 hautetsi bildu ziren Berriozarren; handik urtebetera Altsasuko adierazpena sinatu zuten osasun, kultura, hezkuntza eta kirol alorreko 417 pertsona ezagunek, eta iaz herri galdeketak egin zituzten proiektuak eragina duen 40 herrietan, eta erroldatuen %62,61ek aurka bozkatu zutela ikusita 14.000 alegazio aurkeztu zituzten Estatuko Gobernuak Nafarroan eta Gipuzkoan dituen ordezkaritzetan. Ez diete oraindik erantzun.

Irurtzungo gazte batek, Ikerrek, GARAri agertu zionez, «proiektu txikitzaile ugarik mehatxatzen dute» Sakana: erraustegia, AHT, goi tentsioa, frackinga... Azaldu zuenez, gauza aunitz dira eta ez dago hainbertze jende, horregatik ez da erraza sentsibilizatzea eta mugitzea. Baina atzo Donostiara etorri zen jendea ikusita kontent ziren.

Trikiti doinuekin kalejiran hondartza aldera jo zuten, hondarrean triangelu gorri bat marraztera. Globo gorriak libre utziz eman zioten amaiera ekitaldiari eta triangelua talde txikitan desegin zen.