Andoni Tolosa «Morau»
Musikaria

Anbizioaz

Bi hitz berri ikasi ditut azkenaldian euskal musikari lotuta; mainstream eta anbizioa. Lehenengoaren gainean ez dakit oso ongi zer adierazi nahi duen, bigarrenarekin, ordea, aitortzen dut gatazkaren bat edo beste eduki dudala.

Mainstreamaren gainean ari garenean, ea ongi ulertu dudan, musikaren industriaren fabrikazio, zabalpen eta komunikazio bide estandarren parametroetan sartzen den guztiaz ari garela uste dut. Bide normaletik joan eta belarri normaletara iristen dena definitzeko modu bat izan daiteke. Arrakastaren mamietara iristeko aukera gehiago dutenen tropela eta haien ingurukoak izendatzeko modua ere izan daiteke... Agian oker nago.

Anbizioa, berriz, ongi dakit zer den; daukazuna edo zarena baino pixka bat harago begiratzeko joera. Ametsetara pixka bat hurbiltzeko aukera edo ilusioa pizten dizun hori. Beti gose, ezin ase, mundua oraindik pleistozenoan legoke eboluzioaren anbiziorik gabe. Oso joera uztargarria sorkuntzarekin eta, batik bat, sortzaileon egoarekin. Ba al da anbiziorik ez duen musikaririk. Oso ongi, baina eta zer gertatzen da anbizio guztiek eskatzen duten ordainarekin? Zer ordaintzeko prest gaude gure anbizio hori konpli dadin? Zer erabaki hartuko ditugu? Zer ideia, asmo, pertsona ahaztu?

Adibide praktiko bat. Uste dut ongi ulertzen dudala A Ze Banda lehiaketa lerdora aurkezten direnen anbizioa. Hain anbizio indartsua, gazte batzuk publikoki lotsagarri geratzeko arriskua hartzeko prest daudela. Baina kosta egiten zait, ordea, imajinatzea zein diren hainbat musikari bertan epaimahaikide edo alboko gisara aritzera bultzatzen dituen anbizioa. Anbizio musikala, bederen. Bakoitzak daki nola kudeatu bereak, anbizioa ez baita beste baten bizkarrean utz daitekeen zama.