Aitziber Pz. De Karkamo
Kazetaria
AZKEN PUNTUA

Belaunaldi berriak

Nekanek negar egin zuen unea gogoan dut. Auritzberriko eskolan urteetan aritu ostean, erretiroa hartzear zen irakasleak Auritzeko ikastolan lanean hasi behar zuen bere iloba Amaiari testigua pasatzen zion. Pirinioetako herri nafar batek xarma berezia du ekainean eta herri-eskola batean ere aritutako aitatxi gogoan, gure historiaren egitera deitutako hiru belaunaldiei egindako brindisak ni ere emozionatu ninduen.

Emozioak ez dira, ordea, Lomce-z eta Ley del Vascuence-z lagunduta, hezkuntza beraren oinarriak desagerraraztera bideratutako politika darabiltenen motorra.

Min handia egin diezaiekezu herri txikietan ikasi eta bizi direnei. Min handia, lingua navarrorum oinarritzat hartuta ikasi eta bizi nahi dutenei. Baina zu, Yolanda, ez zara behin betiko eta egiten ari zaren minaren gainetik kostata iraun nahi duen errealitate bat dago. Lomce eta Vascuencearen Legea armatzat duzuen horiek, ez dakizue deus igande batean hizkuntza gutxitu baten alde Erriberako txoko baten biltzen den jendetzari buruz edo herri-eskola bateko matrikula bakoitzak duen ilusio kargari buruz.

Zuri gailenduko zaizkizu Nafarroako Nekane denak. Oztopoen gainetik, berezkoa zuen hizkuntza ikasi eta ahaztutako herri txiki bateko umeak hezten bizitza emandakoa. Gailenduko zaizu bere iloba Amaia, aukera anitz izanik ere, Auritzeko ikastolan aritzea erabaki duena. Gailenduko zaizkizu Nekane eta Amaiarekin ikasitako haur denak; Lomce-ri aurre egiten dioten herri txikietako eskoletakoetakoak. Gailenduko zaizkizu eta euskarazko kantak entzungo dira aitatxi Vicentek zapaldutako landa beretan jolasten eta saltoka arituko diren haurren ahotan.