Amalur ARTOLA DONOSTIA

Gurrutxaga, Juaristi, Gabilondo eta Cano, azken lau Euskadi Sariak

Eman dira jakitera aurtengo azken lau Euskadi Literatur Sariak. Maite Gurrutxagaren «Habiak»-ek eraman du ilustrazioarena, Harkaitz Canoren «Orkestra lurtarra»-rentzat da haur eta gazte literaturakoa eta, saiakeraren alorrean, euskarazkoa Joseba Gabilondoren «New York-Martutene»-ri eta gaztelerazkoa Jon Juaristiren «Espaciosa y triste»-ri eman dizkiote.

Atzo eman ziren aditzera azken lau Euskadi Sariak jasoko dituzten egile eta obren izenak. Maite Gurrutxaga amezketarraren «Habiak» (Txalaparta) lanari eskaini diote ilustrazioaren alorrekoa, Harkaitz Canoren «Orkestra lurtarra» (Elkar) liburuari haur eta gazte literaturaren saria, eta saiakerak saritzen dituzten sariak Joseba Gabilondoren «New York-Martutene» (EHU) lanari eta, gaztelerazko atalean, Jon Juaristiren «Espaciosa y triste: Ensayos sobre España»-ri eskainiko dizkiote.

Jaurlaritzako Kultura sailburuorde Joxean Muñozek Gasteizko Gobernuak Donostian duen egoitzan eman zituen jakitera sarituen izenak, haietako bik soilik parte hartu ahal izan zuten ekitaldi batean. «Sortzaileak munduan zehar ibiltzen diren seinale», argudiatu zuen. Izan ere, Cano Italian harrapatu zuen izendapenak eta haren ordez Elkarreko editore Xabier Mendiguren izan zen ekitaldian, eta Gabilondo AEBetan da. Hala ere, lehenak bideo batean eman zituen eskerrak sariagatik eta, bigarrenak, saiakera goraipatzeaz gainera Juaristirekin «mikro-polemika» sor zezakeen testua igorri zuen, sailburuordeak erdizka irakurri zuena.

AHT eta Bosniako erizaina

Ramiro Pinilla zendu berria gogoratu ostean (iaz gaztelerazko literaturako Euskadi Saria eman zioten), Muñozek ilustratzaile gaztearen lana hartu zuen hizpide. Gorrotxategi Arte Ederretan lizentziatu eta ilustrazioan Bartzelonako Escola de la Donan trebatu zela nabarmendu zuen, baita 2009an «Alex nire laguna» album ilustratuagatik Etxepare Saria jaso zuela ere. Iaz, «Maite Gurrutxaga: Alderik alde» (Edo!) bozeto liburuen bilduma argitaratu zuen. Epaimahaiaren hitzetan, «Habiak»-en, «ilustratzailearen gaitasun narratibo eta adierazkor izugarriari esker, xehetasun eta sentimendu handiz deskribatzen da oroitzapenez eta emozioz gainezka dagoen istorioa». Obra «poetiko eta intimista» gisa deskribatu eta Gurrutxagak erabilitako teknika «dotorea» goraipatu zituen epaimahaiak, eta plano-konposizio «original eta antzerkizkoak» nabarmendu zituen.

«Habiak»-ek AHTren eraginez lurrak galdu zituen baserritarraren eta Bosniatik etorritako erizainaren arteko harremana du ardatz. Amezketarrak sariagatik eskerrak eman eta proiektuak izandako «ezohiko ibilbidea» ekarri zuen gogora. Izan ere, Dejabu panpin laborategiaren proposamenez iritsi zitzaion hasiera batean autoekoiztua izango zen proiektua: «Londresen ikasten ari zirela AHTaren albisteak iristen zitzaizkien eta eurek sentitu zutena zein SOS Balcanes-ekin Bosniara bidaiatu zutenean sentitu zutena kontatu eta proiektua aurkeztu zidaten. Nik ez dut hara joateko aukerarik eduki, eta, dokumentazio lanaz gain, eurek sentitu dutena izan dut oinarri». Eskerrak eman zizkien horregatik eta «euren gidoia nire egiten utzi izateagatik», baita Txalapartarekin harremanetan jartzeko bidea irekitzeagatik ere, eta, azken hauei «merkaturatzeko erraza ez den lan hau aurrera eramaten laguntzeagatik; bi urteko lana izan da eta nire erara landu ahal izateko denbora eman didate».

Hitza hartzen bigarrena Cano izan zen. Lasarteko idazleak Italiatik igorritako bideo baten bidez eman zituen eskerrak Euskadi Sariagatik (hirugarrena du, 2005ean «Belarraren ahoa» eta 2012an «Twist» eleberria saritu zituzten), eta lan sarituaren muinaz aritu zen: «`Orkestra lurtarra' da gaur egun hezkuntza sistemak birrindu eta uniformizatu nahi dituen umeen sormena bultzatzen edo bilatzen duen ipuin bat. Bidaia baten kontaketa da, talde baten kontaketa, eta elkarrekin bizi, lan egin, haserretu eta musika egiten duen talde baten historia da». Musika klasikorako «hurbilpen bat» ere badela azaldu zuen eta Jokin Mitxelenarekin «zorretan» dagoela nabarmendu zuen, «bereak direlako irudiak, berak jarri diolako `Orkestra lurtarrari' atrezzoa, jitea aurpegiei, jantziak...». Epaimahaiari ere eskerrak eman zizkion, «orkestra guztien helburua da ahalik eta bira luzeenak egitea eta beharbada sari hau izan daiteke bultzada bat biran jarraitu eta entzule eta irakurle berriak topa ditzaten». Epaimahaiak «nonsensea eta umorea trebetasunez uztartzen dituen ipuin irudimentsu» gisa deskribatu zuen lana, eta pertsonaien originaltasuna nabarmendu zuen. Baita elkarrizketa umoretsuak, egoera aldrebes eta zoroak, xelebrekeriak eta kultura ezberdinei egiten dizkien keinuak uztartuz «istorioari arretatsu eutsi eta irakurlearen jakin-mina pizte aldera» baliabideak «bikain» erabili izana ere.

Saiakeraren aldeko aldarria

Euskarazko eta gaztelaniazko saiakera sariak, esan bezala, Gabilondok eta Juaristik jasoko dituzte, hurrenez hurren. Lehena «New York - Martutene: Euskal postnazionalismoaren utopiaz eta globalizazio neoliberalaren krisiaz» lanagatik saritu dute, epaimahaiaren hitzetan, «Ramon Saizarbitoriaren nobelagintzaren azterketa ausart eta berritzailea». Idazle donostiarraren «Martutene» lanean barrena «ibilbide iradokitzailea» egiten du eta literatura analisi eremura eramanez, «begirada zabaldu eta Euskal Herriak mundu globalizatuan duen tokia sakon aztertzen du».

Gabilondok 1987an amaitu zituen Filosofia ikasketak, hain zuzen irakasle izan zuen Jon Juaristi eta Koldo Mitxelenaren eskutik, eta doktoretza Kaliforniako unibertsitatean egin zuen. Geroztik, AEBetako hainbat unibertsitatetan aritu da irakasle eta hain justu handik bidali zuen Muñoz sailburuordeak «luzeegia» zela eta (orrialde eta erdi ordenagailuz) erdizka irakurri zuen idatzia. Sailburuordeak hautatutako zatietan, Gabilondok saiakeren garrantzia azpimarratzen zuen: «Egungo saioari -euskaraz idatzitakoari-, poesiari gertatu zaion bezala, narratibaren morroi edota bigarren mailako genero izatea suertatu zaio. Baina hain zuzen horregatik, euskaraz idatzitakoak beti narratibara jo duenean izan du arrakasta, eta hala euskara afektibitatearen esparru esklusibora murriztu dugu. Euskal saioak, egun, erdararen esparruan du indarra, indarrik inoiz izan duenean, eta inoiz ere ez euskararenean». Testuan zehar, Gabilondok saiakeraren «behar eta indar futuroa» aldarrikatzen ditu, euskal abertzaletasunean duen garrantzia markatzen du eta gaztelerazko saiakeraz ere hitz egiten du: «Azken 30 urteetan saioak Euskal Herrian eraberritzerik izan badu, gazteleraz ezagutu du, Jon Juaristiren `El bucle melancólico' mugimendu horren abanderatu izanik». «Saio eraberritze» hori euskal abertzaletasunaren «ukatze aktibo eta negargarritik» elikatu dela dio, eta beraren iritziz, Euskal Herrian narratibatik eman zaio horri erantzuna, «Martutene» eleberritik besteak beste. Jarrera horien aurrean saiakera «indar berria» hartzen hasi dela ere nabarmentzen du: «Egun saioa narratiba baino garrantzitsuagoa eta beharrezkoagoa dugu. Pentsatu nahi dut literaturaren eta pentsamenduaren geroa berea duela».

Juaristi: «Bazen ordua»

Gabilondoren hitzen ostean gaztelaniazko saiakera saria iragarri zuen Muñozek, Juaristiren «Espaciosa y triste: Ensayos sobre España», hain zuzen ere. Bilbon jaiotako idazlea aski ezaguna da gurean «ABC» egunkarian argitaratzen dituen zutabeengatik. Saritutako lanean azken 25 urteetan idatzitako saiakera sorta bat biltzen du eta, epaimahaiaren hitzetan, obrak «goi mailako literatura, zorroztasun akademikoa eta hausnarketa sakonak» biltzen ditu. Juaristik «identitate politikoa sortzen duten diskurtsoei» zein «andaluziar, euskal edo espainiar nazionalismoen azpian egon diren `mito identitarioei'» buruzko hausnarketak biltzen ditu.

Juaristik ironiaz bustitako hitzak eskaini zizkion sariari, epaimahaiari zein bertan bildutakoei, «eskertza»-tik bertatik hasita: «Niretzat zailena saria lortzea bera izan da, bazen ordua. Berandu dator, espero dezagun ez izatea beranduegi. Eskertua nago hala ere». Obra «identitatearen problema» aztertzen duen «adreilu» gisa deskribatu eta «baliotsuena azala bera» dela iritzi zuen (Ataungo Zubikoeta jauregiaren argazkia darama). Euskal Herriarekin «berriro aurkitzera» eraman duen lana ere badela esan zuen: «Ez dakit noiz arte iraungo duen.. Lur honetan sortu nintzen eta hemen hil nahi nuke, bizitzea ez baita posible izan». Azkenik, Gabilondoren hitzei erreferentzia eginez, «unibertsitatetik ezagutzen dugu elkar eta azken aldiz Philadelphian eztabaidatu genuenean gai hori itxitzat eman nuen», esan zuen.