Ane ARRUTI DONOSTIA

Haurrek gobernatutako mafia mundua osatu dute Unai Iturriagak eta Alex Sanvik

«Haur Besoetakoa. Litxarrerien jauna» komiki bilduma argitaratu du «Xabiroi» aldizkariak. Unai Iturriagaren gidoia eta Alex Sanviren irudiak ditu eta azken zazpi urteetako lanen aukeraketa bat da.

Haurren begiradatik helduen eta mafiaren munduaren parodia egiten du «Haur Besoetakoa. Litxarrerien jauna» komiki bildumak. «Xabiroi» aldizkariak osatutako zazpigarrena da, Unai Iturriagaren gidoiekin eta Alex Sanviren marrazkiekin osatua. Zazpi urte dira Haur Besoetakoaren -HB izena hartzen du haur protagonistak- istorioekin hasi zirela eta bilduma honek aukeraketa bat jasotzen du.

«Helduen munduak `The Godfather' (Aitajauna) duen moduan du haurren munduak Haur Besoetakoa, litxarrerien eta bideo-jokoen merkatu klandestinoaren nagusia», azaldu zuten atzo. Iturriagaren gidoiak keinu ugari egiten dizkio zinema eta literaturari. Jon Miranderen nobela ezagunaz gain, badago hemen ere Vladimir Nabokoven Lolita bat, HBren antagonista.

Haurrek gobernatutako mundua ageri da bineta hauetan zehar, «nerabezaroa tragedia bat da, Aima -aita eta amaren arteko nortasunik gabeko gizakia- bihurtzen zara, erreprodukzio eta haurren zaintzara dedikatzen dena», azaldu zuen Iturriagak. Izan ere, puri-purian dauden gizarte gaiek pisu handia hartzen dute: ustelkeria, botere gosea, politikarien harremanak, bankuen erreskatea, alderdien finantziazioa, obra publikoa, elikaduraren merkatua... «Baina badira helduen munduari zuzenago botatako beste tiro batzuk ere, haur eta gurasoen arteko harremanak batez ere».

Sanvik erantsi zuen irakurketa ezberdina izan dezakeela bildumak. Batetik, «gag hutsean» gelditzen dena, eta bestetik gai horiek guztiak ezagututa, «aberatsagoa» suertatu daitekeena. Izan ere, Dani Fano «Xabiroi» aldizkariko koordinatzaileak azpimarratu moduan, komikia gaztetxoei zuzenduta dago, baina helduek ere gozatzeko modukoa da. Fanok «Asterix eta Obelix» galiarren istorio ezagunen adibidea jarri zuen; «nola larrutzen duten sistema kapitalista». Zortzi edo bederatzi urteko gaztetxo batentzat «gaurkotasuna ez da oztopo izango, baina heldu batek mami gehiago aterako dio», erantsi zuen.

Fanok Sanvi eta Iturriagaren «izatezko bikotea» azpimarratu zuen, «lau hanka, lau esku eta buru bat» daukatela dirudielako, bere esanetan. Iturriagak, berriz, Fanoren «matrimonio agentziari» eskerrak eman zizkion: «Nire salbatzailea izan da, berriro komiki mundura erakarri nau», esan zuen.

Osasuntsu dagoen esparrua dela azpimarratu zuten guztiek, «nahiz eta oraindik ere hemengo komikigileek ez daukaten beste zenbait herrialdetan izan dezaketen ospe onik». Horren erakusle, «Xabiroi» aldizkaria urtean hiru argitalpen izatetik, 2015ean lau izatera pasako dela jakinarazi zuen Fanok, eta gainera, ikastolen sarean banatzeaz gain, harpidetza egiteko aukera zabaldu dute www.ikastola.eus atarian, urtean 12 euroren truke. Getxoko Komiki Azokan ere omenaldia jasoko dute.