Xabier Izaga
Kazetaria
JO PUNTUA

Herri euskalduna edo aberatsa?

Ez da, ez, gizakia eta, hala ere, etsaia da. Legearen etsai, gaztelania edo frantsesa ez bezala. Gaztelania eta frantsesa ere ez dira gizaki, baina haien hiztunak bai

Bere falta sumatuko genuelakoan edo, erasoa jo du berriro Carlos Urquijo salatari nekaezin eta nekagarriak. Batetik, Udalbiltza diruz laguntzen duten udalen aurka, Euskal Herria garatu eta kohesionatzeko lankidetza ez baitator bat elkartasuna oinarri omen duen Estatuarekin. Eta bestetik, Berastegiko Udalaren aurka, Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitatean sartzea erabakitzeagatik. Legez kanpokoa omen da bertara sartzea, Uema euskara-zerbitzu mankomunitatea izan eta euskara ez baita zerbitzua. Hara, harrapatu gaitu, hamaikagarrenez.

Zer da zerbitzua?, diozu nire begi-ninian zeure begi-nini urdina finkatuta. Zer da zerbitzua? Zeuk galdetzea ere! Zerbitzua zeu zara. Legea zerbitzatzen duena, hain zuzen, horixe da-eta demokrazia, aspaldion Rajoyri, Mendiari eta enparauei ikasi diegunez.

Ez da demokrazia kontua bakarrik, ordea. Zer nahiago duzu, herri euskalduna edo aberatsa? Barcinak eta bere taldeak diotenez, Nafarroako edozein alderditan D ereduan ikasteko aukera (txikia) izatea artifiziala da (Israelen hebreera bezain), eta garestia. Baliteke garestia izatea; alegia, garestia da, hezkuntza garestia baita, euskaraz, gaztelaniaz eta swahiliz. Edonola ere, askoz ere garestiagoa da, euskara laguntzeko xentimorik eman gabe ere, UPNren gobernua izatea. Dietak eta haien ordezko soldata igoera, CANen desagertzea, Volkswagenen BEZ zerga... Baina hori guztia ez da artifiziala, arras naturala baizik.

Euskara ez da zerbitzu bat. Tira, hizkuntza da, legearen baimenaz, Urquijoren alderdiko buruek garai atsegina izan zuten hartan dialektoa baino ez baitzen. Hala eta guztiz ere, euskarak ez du eskubiderik, ez baita gizakia, eta eskubideak gizakiei baino ez dagozkie (eta animaliei? Esango digute filosofoek zertan den eztabaida). Ez da, ez, gizakia eta, hala ere, etsaia da. Legearen etsai, gaztelania edo frantsesa ez bezala. Gaztelania eta frantsesa ere ez dira gizaki, baina haien hiztunak bai, horregatik dituzte beren zerbitzuko legeak.

Zertarako independentzia? Esate baterako, euskarari gutxienik gaztelaniak eta frantsesak duten babesa eskainiko dioten legeak izateko. Eta gehiegi eskatzea ez balitz, inor torturatzea saihestuko duten lege zorrotzak ezartzeko, eta torturatzaileak babesten dituen legerik ez legegilerik ez zerbitzaririk ez izateko...