Arantxa MANTEROLA

Sortuk Herri Elkargo bakarraren formula hobetsi du taktikoki

Zazpi euskal lurraldeen batasunaren azken helburua begi aurrean, Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoaren autonomia da Sortuk hautatutako bidea. Alta, azken urteotan, gizarteko adostasuna lehenetsiz, taktikoki Lurralde Kolektibitate bereziaren eskaerarekin bat egin zuen. Parisen ezetzaren ondoren, eta lurralde erreformaren testuinguruan, Herri Elkargo bakarraren apustua egin du alderdi abertzaleak.

Irailean egindako batzarrak sakonki aztertu zituen Estatu frantseseko lurralde erreformek Ipar Euskal Herriaren erakundetzean izango duten ondorioak eta irekitzen dituzten aukerak. Sorturen iritziz begi bistakoa da, zailtasunak zailtasun, Estatuak bere antolaketa administratiboa sinplifikatuko duela. Alde batetik, gaur egungoa astunegia delako (horregatik nahi dute «mila orri instituzionala» sinplifikatu) eta, bestetik, Europak berak gastua murrizteko egiten dion exijentzia gero eta nabarmenagoa ezin izango duelako saihestu.

Hala, legeak oraindik lantze-fasean badira ere, eskualdeen (erregioen) eta herri eta hiri elkargoen mesedetan, departamenduak eskuduntzez hustera doazela nahiko nabaria da. Hala, zantzu guztien arabera, eskualdeen kopurua eta herri elkargoena ere urrituko egingo ditu. Eztabaida gori-gorian da eskualdeen berrantolaketari dagokionez eta oraindik ez da finkatua zenbat izango diren zehazki (13, 14 edo 15) baina aukera guztietan, Akitaniako gaur egungo eskualdea eremu askoz zabalagoan barnebilduko da. Horrek esan nahi du Ipar Euskal Herria are eta urtuago geratuko dela.

Egungo hamar euskal hiri edo herri elkargoak gutxieneko biztanle kopurura (20.000 biztanle) egokitu beharko lirateke, zazpi bederen ez baitira muga horretara iristen. Ondorioz, litekeena da oso orotara lau bat hiri-herri elkargotan geratzea.

Errealitate horren aurrean, Ipar Euskal Herriak «egoera berriak aurreikusi» eta zein antolaketa komeni zaion aukeratu behar du, Sorturen aburuz.

Helduleku estrategikoa

Ildo horretan, laster batean irekiko den panorama berrian, «helduleku estrategikoa» izango den aukerari eutsi behar zaiola uste du alderdi abertzaleak.

Iazko udazkenean, Lurralde Kolektibitate Bereziaren aldarrikapenari ezezko ofiziala eman ziolarik, Jean-Marc Ayrault garaiko Lehen ministroak Ipar Euskal Herriak «bere burua egitura politiko batez hornitzeko» aukera zabaldu zuen, betiere indarrean dagoen legearen barnean egingo balu. Arrapostu horretan oinarrituta, ekain bukaeran, Pierre-Andre Durand Pirinio Atlantikoetako prefetak hainbat aukera mahai gaineratu zituen.

Sortuk horien guztien aldekoak eta kontrakoak aztertu ditu sakonki eta «aitzina joateko» Herri Elkargo bakarra osatzearen aukera hobetsi du. Formula hori da, bere iritzian, lurraldetasuna manera seguruenean finkatzea ahalbidetzen duena. Ez hori bakarrik, lurralde kohesioa ere indartuko lukeela uste du.

Izan ere, barnealdearen eta kostaldearen arteko oreka hobeki errespetatuko litzateke Herri Elkargo bakarrarekin hiruzpalaurekin baino, are makroeskualde batean kokatua izango delarik. Lurralde osoko egitura batek pisu gehiago izango luke edozein eskakizun bideratzeko orduan.

Eskumenei dagokionez, Ipar Euskal Herri mailako boterea indartu egingo litzateke, Herri Elkargoak Lurralde Kolektibitate Bereziarentzat eskatzen zituzten eskuduntzen %80 inguru izango lituzkeelako.

Gainera, Sortuk uste du Herri Elkargo bakarrarekin Estatuarekiko indar harremana nabarmen indartuko litzatekeela, besteren artean, «lurraldetasuna nazio eraikuntzarako helduleku estrategikoa» delako eta «kontzientzia kolektiboan Iparraldeari begirako sentimendua indartuko delako».

Horrez gain, autodeterminazio prozesuan urratsak egiteko «aldebakartasunaren estrategia gauzatzeko, euskal bidea, gure bide propioa egiteko» lagungarri izango delakoan dago alderdi abertzalea.

Lurralde Kolektibitate Berezia ez da baztertuta geratuko

Herri Elkargoaren aukerak hutsuneak ere badituela jakitun da Sortu. Gobernatzeko eta kudeatzeko modua oso korapilatsua litzateke eta ordezkaritza orekatua lortzea ere bai. «Legeak eztabaidatzen ari diren honetan, arazo horiei irtenbidea bilatzeko ahalegina» egin beharko litzatekeela uste du, «aukerak badaudelako».

Eskumenena da beste hutsunea. Izan ere, Lurralde Kolektibitate Bereziak izan beharko lituzkeenak minimotzat jotzen ziren. Sortuk aldarrikapen hori ez du baztertu, erreformaren testuinguru berezian, epe ertainean estatus hori irabazteko Herri Elkargo bakarrarena tarteko fasea da berarentzat, «Estatuarekiko indar harremana areagotu» beharko lukeena. Azken helburura, hots, zazpi euskal herrialdeak bat izatera iristeko autonomiarena tarteko aukera den bezalaxe, formula taktikotzat du Herri Elkargo bakarrarena. A.M.