Idoia ERASO

Ziburuko auzapezak 100 eurotik 400era igo nahi dio isuna ikastolari

Guy Poulou Ziburuko auzapezak auzitara eraman du berriz ere Seaska. Ikastolak eguneko 100 euroko isuna ordaintzen du egun eta hori 400 eurokoa izatea galdatuko du. Ipar Euskal Herriko ikastolen federazioak 4.370,30 euroko isuna ordaindu zuen joan den astean.

Seaskak atzo jakinarazi zuenez, Paueko administrazio epaitegiaren jakinarazpena jaso zuen herenegun. Ziburuko Herriko Etxeak auzitara eramango du Kaskarotenea, ikastolak egun ordaintzen duen isuna, eguneko 100 eurokoa, 400 eurokoa izan dadin. Prozedura azkarrean egina dago, hori dela-eta «data finkatua ez bada ere, laster izanen da».

Ikastolen Federazioak gogoratu du iragan astean 4.370,30 euroko isuna ordaindu zuela, eta Guy Poulou auzapezaren kontra jo du: «Ikastolaren bizkar aberastu nahi duela dirudi».

Urriaren 17an, uxerra Paxkal Indo Seaskako lehendakariaren etxetik pasa zen Kaskarotenea ikastolari ezarritako isunaren fakturarekin. Orotara 4.370,30 euro izan dira, hau da 100 euro epaileak gunea utzi behar zutela erran zuenetik ikastola Ziburuko Herriko Etxearen lurretan egon den egun bakoitzeko.

Alkateak Kaskarotenearen kontra izan duen jokamoldea salatu du Seaskak. Batetik, ikastolako gurasoek aterabide bat lortzeko egin dituzten proposamenei etengabean ezezkoa eman diela nabarmendu dute. Bestalde, egin dituen mehatxuak aipatu dituzte, hau da, «haur, irakasle eta laguntzaileak kanporatzeko polizia indarra baliatuko duzula eta haurrak urik eta argindarri gabe uzteko». Astelehenean, oporren ostean, berriz hasiko dira haurrak ikastolan, eta «normaltasun osoz» hasteko asmoa agertu dute. Egoera zaila bada ere, «ez duzu lortuko Ziburuko Kaskarotenea ikastola hestea» erran diote Poulouri federazioko kideek.

Sostengu anitza

Kaskarotenea bizirik atxikitzeko bidean gizartearen sostengua eskatzen ari da federazioa. Azaroaren 8an manifestazioa antolatu du Ziburun.

Bihar, euskalgintza, kulturgintza eta gizarte eragileen babesa jasotzeko agerraldia eginen dute Seaskak eta Euskal Herriko Ikastolen Elkarteak Donostiako Ikastolen Etxean.