Xole ARAMENDI DONOSTIA

I. Mundu Gerrako trintxeretara darama irakurlea Mikel Peruarenak

6.000 euskal herritarrek galdu zuten bizia I. Mundu Gerraan. Beste milaka batzuk betiko elbarri geratu ziren, kontaezinak izan ziren zaurituak. Euskal literaturak ez dio askorik begiratu Gerra Handia delakoari. Mikel Peruarenak gertaera lazgarri hartako ankerkeria kontatu nahi izan du «Su zelaiak» nobelan. Izen-abizenak jarri dizkie trintxeretan borrokan aritu ziren soldaduei. Ez haiei bakarrik, etxean urteetan zain geratu zirenei ere jarri die fokua.

Ehun urte egingo dugu atzera; 1914ko abuztuaren hasieran gaude. Ipar Euskal Herrian sasoiko mutil eta gizonak frontera doaz. Bata bestearen atzetik, berrogei soldadutik gora aurkeztuko dizkigu idazleak, giza-galeria zabala osatuz. Izen-abizenez ezagutuko ditugu. Batzuk fikziozkoak dira, badira tartean benetakoak ere.

Liburuan, denera, 100 pertsonaiatik gora agertzen dira. «Egiazko pertsonaiak, historikoak, eta denak sartuta 120 bat pertsonaia dira, azkenean kontua galdu nuen», aitortu zuen atzo Mikel Peruarenak (Ereñotzu, 1978).

Frontera doazenek etxean uzten dituzten emazte eta seme-alabengan ere jarri du fokua idazleak, gerraren triskantzaren dimentsio erreala bertatik bertara islatzeko.

Eguneroko zereginetan harrapatuko ditu gerrak gazteak eta ez hain gazteak -21 eta 48 urte arteko gizonak joan ziren-. Dena bertan behera utzi eta hanka egin beharko dute. Irakurlea herriz herri doa, soldaduen egunerokotasunean murgilduz.

Denbora laburrerako zihoazela. Horixe uste zuten gerrara zihoazenek, baita etxean geratu zirenek ere. Usteak ustel.

Hurrengo orrialdeetan trintxeretara goaz soldaduekin batera. Banan-banan hiltzen joango dira eta horren testigu gara.

Liburuak aurrera egin eta soldaduak desagertuz doazen heinean Filipe Luro Arnegiko ikazkinak hartuko du protagonismo nagusia. Haren begietatik ikusiko dugu baimen batean herrira itzultzean aurkituko duen giroa. Frontera itzuli beharra izango du. Verdun zain du. Lurok bere une zailenak eta azkenak biziko ditu han.

«Liburuak sarraskiaren erdian jarri nahi gaitu, jeneralentzat zenbakiak baino ez diren soldaduen aldamenean jarri nahi gaitu, eurekin abiatuko gara gerrara eta eurekin hilko gara errukirik gabe», azaldu zuen egileak atzo.

«Gerraren ankerkeria erakutsi nahi nuen, irakurlea gerrara eraman nahi nuen, baina gerraren beste ondorioak ere erakutsi nahi nituen: familia desegituratuak, emakumeen bakardadea, ekonomian izan zuen eragina, Elizaren indarra... », gaineratu zuen Peruarenak.

Gerra hartu zuen gaitzat «Ez obeditu inori» bere lehenengo nobelan eta berdin bigarrenean. Peruarenaren esanetan, «ez gara kontziente zenbateraino gerretan, indarkerian eta bortxan oinarritzen diren gure gaurko gizarteak eta zibilizazioak».

Gaurkoaren haziak

XX. eta XXI. mendeen haziak erein zituen I. Mundu Gerrak eta, gainera, gerrako teknologia modernoen probalekua izan zen. «Ordura arte inoiz ezagutu gabeko basakeriaz aritu ziren armada guztiak eta ordura arte inoiz ezagutu gabeko suntsipena eragin zuten. Gerra modernoen aita izan zen Gerra Handia, gizonezkoen populazioa masiboki gerra egitera behartu zuten lehen aldietako bat izan zelako, eta ondorio dramatikoak utzi zituelako: milioika eta milioika gizon hilda, desegindako hiriak, zaurituak eta elbarrituak bikoitza, eta populazio zibilak bere hezurretan nozitu zuena. Estatuaren, armadaren eta kapitalaren begietara peoi hutsak bihurtu ziren gizonak eta populazio zibila gerrarako abere. Nahi beste ordezka zitezkeen zenbaki hutsak. Bestela ezin dut ulertu erabateko deshumanizazioaren antzerki hark nola iraun zuen lau urte baino gehiago, nola ez zuten aurkitu hura geldiarazteko modurik lehenago», adierazi zuen.

Peruarenaren esanetan, I. Mundu Gerra «iturri ikaragarria da literaturarako, ez bakarrik historiarako. Pertsonaia galeria, pasadizoak, mundu ikuskerak... Iturri hori baztertuta edukitzea penagarria da». Horren harira, 1914ko gerraz zein gutxi dakigun nabarmendu zuen. «36ko gerrara joaten zaizkigu begiak eta hartaz ikaragarri idatzi dugu. Hego Euskal Herriarentzat gerra hura izan zena bezain tragikoa izan zen 14koa Ipar Euskal Herriarentzat. Zoritxarrez, dakigun gutxia kanpotarrek kontatu digute».

Peruarenaren ustez, euskal herritarrak han egon zirenik ez dakigu behar beste. «Ikaragarrizko drama bizi izan zuen Ipar Euskal Herriak, hurrengo belaunaldiak guztiz markatu zituena eta ondorio politiko-sozial sakonak eragin zituena».

Liburuak egin duen bidea ez da erraza izan idazle eta kazetariarentzat. Dokumentazioa aurkitzea ez da zailena izan. «Garai hartako artxibo asko informatizatuta daude eta garaiko kronikak euskaraz idatzi zituzten soldadu askoren berri badago», kontatu zuen. Zailena ahotsa aurkitzea izan da. Nola kontatu? «Urte pare bat eman nuen dokumentazio lanetan eta urtebete emango nuen ahotsa asmatu ezinik. Ahalik eta mosaiko zabalena eskaini nahi nuen eta ezin nuen erabaki nola eta zein pertsonaiaren bidez egin», azaldu zuen.

Historiografian, literaturan eta kazetaritzan bete gabeko zulo asko dauzkagu eta horietako bat da 14ko gerra, bere hitzetan. «Horregatik, ahalik eta kontakizun poliedrikoena egiten saiatu naiz, ahalik eta ahots gehien sartzen, ikuspegi desberdinak, bizipenak...», kontatu zuen.

Nobelak pertsonaia eta gertaera asko biltzen dituenez, estilo bizian idatzi nahi izan du. «Gerrako pasarteetan, batik bat, irakurlea hatsik gabe eraman nahi nuen gertakizun batetik bestera, itolarria senti zezan».

Lapurteraren hautua egin du «Su zelaiak» nobelan. Erabaki «naturala» izan da. «Dokumentazio lana egiterakoan `Eskualduna' aldizkaria eta garaiko kronikak irakurri nituen, denak bertakoek idatziak. Egun batean gipuzkoar batek duela 80 urte idatzitako testu txiki bat irakurri nuen. Gipuzkeraz irakurri eta `ez du funtzionatzen, artifiziala da', pentsatu nuen».

Infernuaren erdira egindako bidaia

«Mural handi» bezala deskribatu du liburua Gorka Arresek. «Gerraren muinera garamatza. Lehertuko zaizkio obusak aldamenean, galduko du besoa, galduko du hanka, lagun hildakoak altxatu beharko ditu... irakurleak gaizki pasatuko du. Asko disfrutatzeko liburua da, baina oinazearen minenera eramango gaitu eta testigu izango gara eta ia-ia baita protagonista ere, liburu honetan agertzen diren soldadu guztiekin. Soldadu mordoa da protagonista nagusia, eta haiekin batera egingo dugun bidaia da, infernuaren erdi-erdira», nabarmendu zuen Susa argitaletxeko editoreak. X.A.